Giza immunitate-zelulen atlasa sortu dute

giza-immunitate-zelulen-atlasa-sortu-dute
T zelula hiltzaileak, minbizi-zelula bat inguratzen. Arg. NIH

Giza genomaren sekuentziazioak balio handiko informazioa eman die zientzialariei, baina ez nahikoa. Giza gorputzeko 30 bilioi zelulek gene berak dituzte, eta organismoak egoki funtziona dezan gako dira geneen espresio-patroi desberdinak eta zelulen espezializazioa. Giza Zelulen Atlasa sortu zen 2016an, giza zelula-mota guztiak identifikatzeko, eta aurrerapauso garrantzitsua izan du oraingoan: immunitate-zelulen katalogoa osatu dute.

Science aldizkariak eman du bi lorpen garrantzitsuenen berri: lehenik, talde batek giza organoetako immunitate-zelulen motak eta haien ezaugarriak zehaztu ditu. Izan ere, orain arte odoleko immunitate-zelulei eman zaie arreta gehien; oraingoan, ordea, organo periferikoetan dauden immunitate-zelulak identifikatu dituzte, gaixotasunen aurkako mekanismoetan garrantzia handia dutelakoan. Tokian tokiko mikroinguruneetara egokitzen dira babes-zelula horiek, eta ezaugarri eta espezializazio funtzional desberdinak hartzen dituzte.

Horretarako, hildako 12 organo-emaileren ehunetatik erauzitako 330.000 immunitate-zelula aztertu dituzte, haien geneetako espresio-patroiak identifikatzeko. Hortik, 100  zelula-mota baino gehiago bereizi dituzte.  

Bestetik, ehun-mota batetik bestera immunitate-zelula homologoen arteko harremana aztertu dute. Hala, ikusi dute immunitate-zelulen familia batzuetan antzekotasun asko mantentzen direla ehun batetik bestera –hala nola, makrofagoetan–, eta beste familia batzuetan, ordea, ehunaren araberako ezaugarri bakarrak dituztela –adibidez, T linfozitoetan–. Immunitate-zelulen informazio hori guztia kudeatzeko CellTypist datu-basea sortu dute.

Immunitatea garapenean zehar

Bigarren talde batek argitu du nola eraldatzen diren immunitate-zelulak indibiduoaren garapenean zehar, enbrioi-fasetik hasi eta heldua den arte. Bederatzi organoetako laginak aztertu dituzte: batetik, organo hematopoietikoak, odol-zelulak sortzen dituztenak (bitelo-zakua, gibela eta hezur-muina); eta, bestetik, organo linfoideak (timoa, barea eta gongoil linfatikoak). Baina immunitate-zelulen garapenean ezinbestekoak diren organo horiez gain, hainbat organo periferiko ere aztertu dituzte (azala, giltzurrunak eta hesteak), sortze-organotik organo berrietara migratzean immunitate-zelulak nola eraldatzen diren ulertzeko.

Ikertzaileek adierazi dute, immunitate-sistemaren ezaugarriak eta garapena ulertzeko, ezinbestekoa dela haurren immunitate-zelulak helduenekin alderatzea eta garapenaren fase bakoitzean zer gene aktibatzen diren argitzea. Esaterako, bizitzaren lehenengo etapetan azaltzen diren B eta T zelula berezi batzuk aurkitu dituzte, besteek baino erantzun azkarragoa dutenak antigenoen aurrean. Zientzialarien esanetan, litekeena da etapa goiztiarretan patogenoen aurkako erantzun azkarra bideratzea izatea organismoaren lehentasuna.

400 giza zelula sekuentziatuta

Bestetik, hirugarren ikerketa batek, immunitate-sistemaz harago, Giza Zelulen Atlasa osatuko duten bestelako emaitzak argitaratu ditu. 24 organoetatik lortutako 400 zelula-mota identifikatu eta sekuentziatu dituzte. Tabula Sapiens izenez ezagutzen da atlasa, eta, hura sortzeko, 500.000 zelula sekuentziatu behar izan dituzte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila