Garezur-zati bat, lehen europarren balizko arbaso zuzena

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

garezur-zati-bat-lehen-europarren-balizko-arbaso-z
Isralego Manot haitzuloan aurkitutako garezur-zatia, hainbat ikuspegitatik. Goitik behera eta ezker eskuin: goitik ikusia, albo batetik, aurretik eta atzetik. Arg. Dan David Laborategia/ Tel Avivko Unibertsitateko

Isralego Manot haitzuloan lehen europarren arbasoak izan zitezkeenen arrastoak aurkitu dituzte. Zehazki, garezur-zati bat —kalota, garezur-gangaren goiko zatia— aurkitu dute Tel Avivko Unibertsitateko Dan David Laborategiko paleoantropologoek. Uranio/torio teknikaren bidez datatu dute kalota, eta emaitzen arabera, duela 55.000 urte (Erdi Paleolitoaren amaieran) bizi izan zen Homo sapiens heldu batena da.

Fosilaren adinak bat egiten du gure arbaso zuzenek Afrikatik Europara migratu zuten garaiarekin, eta, ikertzaileen esanean, izan daiteke Europa erdialdea arrakastaz populatu zuten gizakien arbaso zuzenetako bat. Izan ere, garezur-zatia ezaugarri modernoen eta arkaikoen mosaiko bat izanagatik, erregistro fosilaren gainerako espezimenekin egindako alderaketak aditzera eman du Goi Paleolitiko gizakien multzoarekin duela antz handien.  

Hala adierazi dute ikertzaileek Nature aldizkarian argitaratutako artikuluan. Halaber, zehaztu dute lotura estuen Goi Paleolitoko Europa erdialdeko espezimenekin duela, eta baita orain gutxiko Afrikako espezimenekin ere. Aldiz, urrunago legoke Mediterraneo ekialdeko beste espezimen batzuengandik.

Ahaidetasunez harago, garezurraren adina da aurkikuntzaren alderdi nabarmenena. “Fosil honek zuzenean frogatzen du neandertalak ez ezik, gizaki modernoak ere bizi zirela Erdi Paleolitoaren amaieran Mediterraneo ekialdeko korridorean”, azpimarratu dute artikuluan ikertzaile israeldarrek. Gure arbasoak Afrikatik irten eta Eurasia kolonizatu zuten garaiarekin ez ezik, neandertalekin hibridatu ziren balizko garai eta eremu geografikoarekin ere bat dator Manot haitzuloko fosila, eta horrek interes gehigarria ematen dio aurkikuntzari.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group