Izarren jaiotzaren teoria zabalduenak dio galaxien baitan sortzen direla, horien eboluzioarekin lotura estuan. Galaxietatik kanpo aurkitu izan dira izarrak, baina ez dute teoria zalantzan jarri, jatorrizko galaxiatik kanporatuak izan zirela pentsatu izan baita, gertaera bereziren baten eraginez. Bada, izarrak galaxietatik kanpo ere sor litezkeela pentsatzera bultzatu dituen aurkikuntza bat egin dute astronomoek: ustez izarrak jaiotzen diren hodei bat aurkitu dute, eta ez dago inongo galaxiaren barnean.
Aurkikuntza bi tresnaren konbinazioarekin lortu dute: X izpien Chandra behatokia eta Txileko SOAR teleskopioa. ESO 137-011 galaxiaren isatsari begira jarri dituzte bi tresnak, eta biekin ateratako argazkiak konbinatuta izar gaztez osatutako 29 eskualde aurkitu dituzte. Dirudienez, izar horiek han bertan jaioak dira, gazteegiak baitira galaxiaren baitan sortuak izateko.