Fentaniloak mendekotasuna sortzeko baliatzen dituen mekanismoak argitu dituzte

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia


Saguekin egindako ikerketetan frogatu dute fentaniloak garuneko bi mekanismoren bidez eragiten duela mendekotasuna, eta bien baturak egiten duela mendekotasuna edo adikzioa hain handia izatea. Mekanismoetako bat sariaren zirkuitua da (errefortzu positiboa), eta bestea abstinentzia-sindromea saihestea bilatzen duena (errefortzu negatiboa). Mekanismo horietan parte hartzen duten sare neuronalak eta hartzaileak identifikatu dituzte, eta emaitzak irekian argitaratu dituzte, Nature aldizkarian.

fentaniloak-mendekotasuna-sortzeko-baliatzen-ditue
Saguaren garuna 3D-n. Arg. Allen Institutua/CC 4.0

Heroina eta morfina bezala, fentaniloa errezeptore opiodeetara lotzen da, eta dopamina jariatzea eragiten du. Horren bidez, plazera, analgesia eta kontzientziaren galera sortzen ditu. Kontsumitzen jarraituz gero, tolerantzia eragiten du (dosi handiagoak behar dira, eragin bera lortzeko), baita abstinentzia-sindromea ere. Oso eragin indartsua duenez, adikzio handia sortzen du, eta osasun-krisi larria bihurtu da, bereziki, AEBn.

Adikzioa eragiten duten mekanismoak hobeto ezagutzeko, artikuluaren egileek esperimentuak egin dituzte saguekin. Hala, aurrena fentaniloa eman zieten, eta ikusi zuten fentaniloak garuneko eremu tegmental ventralean eragiten duela (VTA): dopaminaren neuronak desinhibitzen ditu, eta dopamina askatzen da accumbens nukleoan. VTAko hartzaile opioideak desaktibatuz gero, ikusi zuten dopamina-jarioa eteten dela eta eragin positiboa ezeztatzen dela, baina abstinentzia-sindromea ez dela desagertzen. 

Horrenbestez, hurrengo pausoan, ikertzialeek abstinentzia-sindromean aktibatzen diren hartzaile opiodeen neuronak identifikatu zituzten amigdalaren gune zentralean (CeA). Hartzaile horiek desaktibatuz, abstinentzia-sindromearen sintomak desagerrarazi zituzten. Horrela frogatu dute errefortzu negatiboaren arduradunak direla. Optogenetikaren bidez baieztatu dituzte emaitza horiek.

Ikertzaileek espero dute ikerketak bidea irekiko duela gizakietan ere mekanismo horiek ikertzeko, eta balioko duela adikzioa gutxitzeko eta errehabilitazioa errazteko.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila