Ez da aktibatzen

Askoren iritziz, dislexia ezin liteke gaixotasun larritzat har; horrek alabaina, ez du disfuntzio horren garrantzia ezkutatu beharko, milaka haurren garapena oztopatu egiten baitu. Eta hona, dislexia hobeto ezagutzea erraztuko duen aurkikuntza: garuneko disfuntzioa non gertatzen den argitzea lortu bide du ikertzaile-talde batek. Jakina denez, irakurketa bezalako iharduerak zuzen burutzea errazten duten funtsezko bi gune daude kortex zerebralean (ezker belarriaren gainean).

Dislexiaren zergatia hobeto ezagutzea erraztuko duen aurkikuntza egin berri da. Jakina zen kortex zerebralean dauden funtsezko bi guneren funtzioak zeintzuk ziren, baina ez bertan dagoen hirugarrenarena. Ikertzaile-talde batek frogatu duenez, hirugarren honek zubi-lana egiten du, eta eginkizun hori betetzen ez duenean sortzen omen da dislexia.

Horien ondoan, hirugarren gune bat dago, baina orain arte ikertzaileak ez dute bere funtzioa bereizterik lortu. Berriki jakin ahal izan dugunez, hirugarren zati hori bi guneak koordinatzen dituen zubia da, dislexikoei aktibatzen ez zaien mekanismoa, hain zuzen.

Emaitza horretara iristeko, ikertzaile-taldeak garunaren aktibitatea neurtu zien test baten bidez haur multzo bati. Datuek egiaztatu zutenez, dislexiarik ez zuten haurren kortex zerebraleko bi zatiek ongi burutu zuten beren lana: zati batek irakurritako hitza identifikatu zuen eta besteak hitza zatikatu eta bere soinua garunean irudikatu zuen, bi funtzioen arteko zubia hirugarren guneak egin zuen bitartean.

Dislexikoen kasuan, bi zatien arteko zubia ez zen aktibatu eta beraz, irakurle dislexikoak ezin zituen hitzak bereganatu, bi garun zatien arteko disfuntzioa sortuz. Koordinazioaren funtzioa betetzen duen gunea zein den jakinda, ikertzaileak itxaropentsu agertu dira. Dislexiaren diagnosia egitea eta arazo hori gainditzeko behar den hezkuntza-sistema egokia eskaintzea errazago izango da hemendik aurrera.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila