Astronomoek exoplaneta bat aurkitu dute Barnarden izarra orbitatzen; alegia, gure Eguzkitik gertuen dagoen izar indibidualean (6 argi-urtera baino ez dago). VLT teleskopioaren EXPRESSO tresnaren bidez egin dute behaketa, eta, Astronomy and Astrophisycs aldizkarian jakinarazi dutenez, exoplaneta aurkitu berriak Artizarraren masaren erdia du, eta haren urteak Lurreko hiru egun baino gehixeago irauten du.
Barnarden izarra nano gorri bat da, eta Eguzkitik gertueneko bigarren izar-sistema da, Alpha Centauriren hiru izarreko taldearen ondoren, eta lehen izar indibiduala. Hain gertu egonik, lehentasunezko helburua izan da exoplaneten bilaketan. Izatez, izarraren eremu bizigarrian edo epelean egin dituzte behaketak, eta aurkikuntza hau bost urteko lanaren ondorio izan da.
Barnard b deitu diote exoplaneta aurkitu berriari, eta Merkurio Eguzkitik baino hogei aldiz hurbilago dago bere izarretik. Nahiz eta izar hori gure Eguzkia baino 2500 gradu hotzagoa den, planetaren tenperatura beroegia da ur likidoa edukitzeko gainazalean. Hain zuzen, 125 °C inguruko tenperatura du azalean. Bestalde, Lurrarena baino masa txikiagoa duen exoplaneta ezagun bakarrenetakoa da.
Behaketetan, taldeak ESPRESSO erabili du. Tresna horrek izarra orbitatzen duen edo duten planeten grabitazio-erakarpenak eragindako oszilazioan neurtzen ditu izarrean. Behaketa horietatik lortutako emaitzak exoplaneten bilaketetan espezializatuta dauden beste tresna batzuen datuei esker baieztatu dituzte. Horrez gain, beste hiru exoplanetaren zantzuak ere aurkitu dituzte, baina ez dute lortu baieztatzea 2018an sumatu zuten beste bat.
Elhuyarrek garatutako teknologia