Euskal Herriko estuarioetako paisaien eraldaketa historikoa aztertu dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

euskal-herriko-estuarioetako-paisaien-eraldaketa-h
Urola estuarioaren bilakaera historikoa. Arg. Zumaiako Udal Artxiboa / Narbarte et al. 2022

Euskal Herriko estuarioetan nekazaritzarako lur berriak sortzeko XVI. eta XIX. mendeen arteko ekintzek paisaiaren eraldaketan izan duten garrantzia aztertu dute Aranzadiko eta EHUko ikertzaile batzuek. Journal of Wetland Archeology aldizkarian argitaratu dute lana.

Azterketak erakutsi du nekazaritzako lur berriak sortzea izan dela euskal kostaldeko estuarioen inguruko paisaia eraldatzea eragin duen faktore nagusia. Horrek bat egiten du Europako eskualde atlantikoko beste hainbat eskualdetan hezeguneak kolonizatzeko joera historikoarekin.

Nekazaritzarako lur berriak sortzeko dikeak eta bestelako egiturak eraiki ziren, ur gazia sartzea saihesteko. Hala, basadi gehienak lehortu eta polder edo erriberak sortu ziren. Horrek erabat itxuraldatu zituen itsasadarrak. Eta, hain zuzen ere, ekintza horien ondorioz dute euskal estuarioek gaur egun duten itxura; nekazaritzarako sortu ziren lur asko hedapen urbano eta industrialerako baliatu baitira, azken mende eta erdian.

Hala, ikertzaileek azpimarratu dute eraldaketa horrek ondorio nabarmenak izan dituela gizartean, ekonomian eta ingurumenean. Bestetik, ohartarazi dute, eraldaketa horien aztarna ugari daudela oraindik lur horietan. Adibidez, Zumaian, Basadizarrean, lau hektarea inguruko erribera bat dago oraindik, lubaki perimetral batekin itxia eta zanga-sistema erradial baten bidez drainatuta. Halakoen garrantzia historikoa aldarrikatzen dute ikertzaileek, eta horiek ongi dokumentatzeko beharra azpimarratzen dute, esaterako, hezeguneak berreskuratzeko gero eta ohikoagoak diren proiektuetan kontuan har daitezen.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.