Hezegune karstikoak Euskal Herrian

Oro har, hezegune karstikoak nahiko urriak badira ere, gure mendilerro gehienetan kareharrizko egitura geologikoak daudenez, Euskal Herrian ongi ordezkatutako hezegune-mota da hura. Euskal Herrian aurkitzen ditugun hezegune karstiko gehienak tamaina txikiko disoluzio-dolinak iragazgaitz bihurtutakoan sortutakoak dira. Beste batzuk kolapso-dolinetan agertzen dira, eta, normalean, tamaina handiagokoak izan ohi dira. Azken horiek, normalean, ur freatikoz hornitzen direnez, uraren mailak ez du gorabehera oso nabarmenik eta, horregatik, bizidun-komunitate aberatsagoak eta egituratuagoak ostatatzen dituzte. Azkenik, diapiroetan sortutako hezegune karstikoak aurkitzen ditugu Euskal Herrian. Gehienek lur azpiko uren emaria jasotzen dute eta, zenbaitetan sakonera handikoak direnez, ezin dira hezegunetzat hartu eta aintzirak direla onartzen da.

Kasu guztietan, haiei lotutako sistema geologiko eta hidrologikoak ulertzeko oso baliagarriak izateaz gain, inguruneak paisaia aldetik balio handikoak direla esan daiteke. Horrelako hezeguneek paisaia aldetik duten balioa, haien berezitasunak eta ekologia ikuspegitik duten interes handia direla eta, ingurune horiek zorrotz babestu beharko lirateke, baina, tamalez, orain arte gehienak babes-politiketatik kanpo gelditu dira.

Dena dela, zorionez, gehienak topografia maldatsuko alderdietan kokatuta daudenez eta ertz malkartsukoak direnez, gizakiak ez ditu gehiegi eraldatu. Ez dugu ahaztu behar hezegune horien ezaugarri hidrologikoen ondorioz, ur-erauzketek edo kubeten drainatzeek maila freatikoan eragin handia izateaz gain, poluzio-fokuak berehala zabaltzen direla sistema horietan; beraz, gertatu diren tokietatik oso urrutira irits daitezke.

Euskal Herrian, hezegune karstikoen adibiderik esanguratsuenak gure geografian zehar sakabanatutako diapiroetan sortutakoak dira. Horietatik, zalantzarik gabe, Arabako haranen eskualdean, Lantarongo udal-barrutian kokatutako Areo aintzira dugu garrantzitsuena. Hamasei hektareako azalera du eta hogeita bost metrorainoko sakonera. Sakonera handia dela eta, Euskal Herrian aurkitzen dugun benetako aintzira bakarrenetakoa da. Hala ere, iparraldeko ertzean izan ezik, sakonera apurka-apurka gutxituz doa eta, horregatik, laku honen ertzetan landaredi-eraztunak oso ongi egituratuta dituen hezegune zoragarria aurki dezakegu. Balio ekologiko eta natural handiko alderdia izateaz gain, aparteko berezitasuna eta paisaia-balioa duen ingurunea da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak Biotopo izendatu eta garrantzia duten hezeguneei buruzko Ramsar-eko Nazioarteko hitzarmenaren zerrendan sartzea lortu dute. Izendapen horiek Euskal Herriko txoko paregabe hori iraunarazteko balio izango dutela espero dugu. Diapiroekin lotutako beste hezegune batzuk honako hauek dira: Arabako Maeztu haranean dagoen Olandina urmaela, Arabako Altubeko mendatean dauden hogei bat urmael eta putzu txiki, Bizkaiko Urdu–a sakonunean dagoen Arbieto urmaela edo Nafarroan, Iru–etik hurbil dauden Iza eta Lozako urmaelak.

Tamaina eta ekologiaren ikuspegitik, Euskal Herriko hezegune karstikorik garrantzitsuenak diapiroetan sortutakoak badira ere, ugarienak kareharrizko mendilerro eta eskualdeetan sortutakoak dira. Tamaina txikiagokoak eta malkartsuagoak izan ohi dira eta, horregatik, ekologiaren ikuspegitik ez dira hain baliotsuak. Hala ere, paisaiaren elementu dibertsifikatzaile garrantzitsuak dira eta, gainera, hasieran aipatu ditugun ezaugarri hidrogeologikoen ondorioz, kareharrizko inguruneak oso lehorrak direnez, ur-metaketa txiki horiek berebiziko garrantzia dute bertako bizidunentzat. Ez dugu ahaztu behar kareharrizko mendilerroek abeltzaintza-presio handia jasaten dutela, uda aldean batez ere. Hain zuzen ere, gizakiak aspaldidanik erabili ditu ur-metaketa txiki horiek eta, askotan, eraldaketak egin ditu ur gehiago metatu ahal izateko.

Tamainari dagokionez, Lapurdin, Miarritze eta Angeluren artean, dauden Arraga (Mouriscot) eta Brindos aintzirak eta Marion urmaela salbuespenak dira, batez ere lehenengo biak, hogeita hamar hektarea baino gehiagoko ur-azalera eta hamar metro baino gehiagoko sakonera baitute. Ekologiaren ikuspegitik, ordea, Marion aintzira dugu interesgarriena, sakonera urria eta ertzetan aldapa leunak dituenez, hezegune-mota hori berezko landare- eta animalia-komunitateak ongi egituratuta baititu.

Kopuruari dagokionez, berriz, jatorri karstikoko aintzira, urmael edo putzu gehien dituen eskualdea Entzia-Urbasa-Andia mendilerroa da. Basandia, Agilarrondo, Olaberri, Andasarri, Sarasa, Lator, Ikomar, Erna, Lordia, Uderbe, Zi–etarri, Idosia, etab. dira kareharrizko mendilerro luze horretan zehar aurki ditzakegun hainbat hezeguneren izenak. Horiez gain, Euskal Herriko geografian zehar hezegune karstikoen adibide ugari aurkitzen dugu, hala nola Gipuzkoako Izarraitz mendiguneko Marikutz, Larraskanda edo Bisusbide urmaelak, Hernaniko Santa Barbara mendian dagoen izen bereko urmaela, Aralar mendilerroko Unagako putzua, Iparraldeko Arbaileta mendilerroan aurkitzen dugun Etxekortiako aintzira, Nafarroako Pe–a mendikateko Sasiko urmaelak edo Arabako Gaubea eskualdean dagoen Nabazuako putzua.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila