Europan bigarren olatu bat gertatzeko arriskuaz ohartarazi dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

europan-bigarren-olatu-bat-gertatzeko-arriskuaz-oh
Pertsona bat kaletik, Uribe Kostan. Arg. Hodei Torres/Hiruka CC4.0

Pandemiaren eragina apaltzeko Europako hamaika herrialdetan hartutako neurriei esker 3,1 milioi heriotza eragotzi dira. Ondorio horretara iritsi dira Imperial Collegeko (Londres) ikertzaileak, martxoaren erditik maiatzaren hasierara bitarteko herrialde hauetako datuak erabilita: Frantzia, Espainia, Austria, Belgika, Danimarka, Alemania, Italia, Norvegia, Suedia, Suitza eta Erresuma Batua. 

Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Azaldu dutenez, infekzioaren maila kalkulatzeko, hildakoen kopuru ofizialean oinarritu dira, eta ez erreprodukzio-zenbakian (Rt). Izan ere, zenbaki horrek neurtzen du zenbat pertsona kutsatzen dituen infektatutako pertsona batek, baina, kasu asko ez direnez detektatu, ez da zehatza. Horregatik oinarritu dira hildakoetan.

Hala, kalkulatu dute SARS-CoV-2 birusak 12-15 milioi herritar infektatu zituela denbora-tarte horretan (populazioaren % 3,2-4), eta, neurri ez-farmakologikoak hartu izan ez balira (besteak beste, eskolak ixtea, urruntze-fisikoa eta, batez ere, konfinamendua), askoz ere gehiago hedatuko zela izurria eta izan direnak baino 3,1 milioi heriotza gehiago gertatuko zirela.

Kaliforniako Unibertsitatean, Berkeleyn, ere egin dute antzeko ikerketa, nazioarteko sei herrialdetako datuak erabilita: Txina, Hego Korea, Italia, Iran, Frantzia eta AEB. Metodo ekonometrikoak baliatuta, ondorioztatu dute 530 milioi infekzio galarazi direla sei herrialde horietan, hartutako neurriei esker. Ikerketa hori ere Nature aldizkarian plazaratu dute; ikertzaileen esanean, lagungarria da ikusteko zer neurri izan diren eraginkorrenak eta jakiteko nola jokatu beste herrialdeetan.

Bi ikerketa horiek erakutsi dute neurri ez-farmazeutikoak eraginkorrak direla birusaren transmisioa eteteko. Horrekin batera, ordea, agerian geratu da talde-immunitatea oso urruti dagoela. Azterketa serologikoek ere horixe berretsi dute. Horrenbestez, Europan bigarren olatu bat gertatzeko arriskua dagoela ohartarazi du Jacqui Wisek, British Medical Journal aldizkarian.

 

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.