Espazioan sortutako urazilo- eta xantina-molekulak aurkitu dituzte Imperial College Londongo ikertzaile batzuek 1969an Australian jo zuen Murchison meteoritoan. Jakinarazi dutenez, espazioan bakarrik sor daitezkeen karbono-atomo astunak dituzte molekula horiek, Lurreko karbono-atomoak baino astunagoak. Uraziloa eta xantina material genetikoaren osagai aitzindariak direnez, ikertzaileek iradokitzen dute DNA eta RNA molekulen osagai batzuek, behintzat, espazioan izan dezaketela jatorria.