Hegazkinen hegaldiek bi eratara areagotzen dute berotegi-efektua. Batetik, hegazkinek karbono dioxidoa igortzen dute, eta, bestetik, atzealdean sortzen diren arrasto zurixkek ez diote beroari ihes egiten uzten eta, ondorioz, tenperatura igoarazten dute.
Epe luzera, arrasto zuriek eragiten duten kaltea karbono dioxidoak eragiten duena baino handiagoa dela kalkulatu dute Londresko Imperial College-ko ikertzaileek. Eta, arrasto zuririk ez sortzeko, lurretik hurbilago hegaldatzea proposatzen dute: 10.000 m-ko altitudean beharrean, 7.000-9.500 m artean, hain zuzen. Baina tarte horretan hegazkinek erregai gehiago behar dute eta, beraz, karbono dioxido gehiago igortzen dute. Hala ere, guztia kontuan hartuta, ingurumenari egindako kaltea gutxitu egingo litzatekeela ondorioztatu dute.