Duela 40.000 bat urteko gizaki baten matrailezurraren analisi genetikoa aurkeztu dute Harvardeko Medikuntza Fakultateko eta Antropologia Ebolutiboaren Max Planck Institutuko ikertzaileek. Errumaniako Peştera cu Oaseko fosil bat da, hezurdun haitzuloa, errumanieraz, eta Homo sapiens batean inoiz aurkitu den genoma neandertalaren proportzio handiena du haren DNAk: % 6,0 eta 9,4 bitartean. Hala, ikertzaileek ondorioztatu dute haren azken arbaso neandertala 4-6 belaunaldi lehenagokoa besterik ez zela: 200 urte, asko jota.
Oase 1 matrailezurra, hori du izena, Europan aurkitukoa Homo sapiensen fosil zaharrenetako bat da. 37.000 eta 42.000 urteko adina du —Karbono-14 bidez zuzenean datatuta dago—, eta morfologikoki modernoa den arren, jatorri neandertalarekin bat datozen ezaugarriak ere baditu. Orain, Svante Pääboren taldeak egin dituen analisi genetikoek erakutsi dute beste edozein Homo sapiens baino proportzio handiagoan zela neandertal.
Gaur egun, Saharaz azpikoak ez beste giza populazio guztiek gordetzen dute jatorriz neandertala den genoma, % 1-3 artean. Horrek adierazten du iraganean noizbait hibridatu egin zirela neandertalak eta gure arbasoak, Afrikatik irten eta Eurasia populatzean. Ikerketa genetikoen bidez, gurutzaketa noiz gertatu zen kalkulatu dute antropologoek: duela 37.000-86.000 urte artean kokatu zuten hasieran, eta, berriki, gehiago mugatu dute data Siberia mendebaldean eta Errusia ekialdean aurkitutako beste bi fosilek: duela 50.000-60.000 urteko epealdira. Halaber, orain arteko aurkikuntzen arabera, Afrikatik Eurasiarako korridorean gertatu bide zen, proportzio txikian eta epealdi mugatuan.
Alabaina, Oase 1 fosilak Europan bertan kokatzen du hibridazioa, duela 40.000 urte inguru bakarrik; hau da, uste zen baino askoz geroago ere bai. Ere bai, azterketa genetikoak iradokitzen duelako hori baino zaharragoa dirudien ekarpen neandertala ere baduela Oase 1 fosilak; alegia, neandertalekin lehenago ere hibridatutako Homo sapiens lerro baten ondorengoa zen banakoa.
Analisia egiteko, matrailezurraren bi lagin erauzi eta aztertu dituzte Max Planck Institutuko ikertzaileek, 25 eta 10 mg-koak hurrenez hurren. DNA nuklearra eta mitokondriala analizatu dituzte, eta beste hainbatgenomaren datuak erabili dituzte alderaketak egiteko: bai gaur egungo gizakionak eta baita hainbat giza fosilenak ere. Azkenik, hibridazioa zenbat belaunaldi lehenago gertatu zen kalkulatzeko, neandertal jatorriko sekuentzia-zatien luzera neurtu dute. Zatiak zenbat eta luzeagoak izan, esan nahi du gutxiagotan errekonbinatu dela DNA, eta, beraz, belaunaldi gutxi igaro direla ekarpen genetikoa egin zuen banakoaren eta ikertzen ari direnaren artean. Kasu honetan, zatiak hain dira luzeak, lau eta sei belaunaldi arteko aldea kalkulatu baitute antropologoek arbaso neandertal zaharrenaren eta Oase 1 Homo sapiensaren artean.
Bestelako ahaidetasunei dagokionez, ondorioztatu dute lotura estuagoa duela gaur egun Asia ekialdeko biztanleekin eta jatorriz Amerikakoak direnekin, gaur egungo europarrekin baino. Haitzulo berean, giza garezur baten fosila ere aurkitu zuten geroago egindako indusketetan, Oase 2, eta Natureko artikuluan aipatu dutenez, “neandertalekin hibridatu izanaren ezaugarri morfologikoa ditu hark ere, eta litekeela da garai berekoa izatea”. Halako banako gehiagoren azterketa genetikoak ugaritu ahala, argiago ezagutzen joango gara Eurasiaren populatze konplexua.
Elhuyarrek garatutako teknologia