“Ekaitzaren ostean barealdi” dio esaerak, eta fisikari estatubatuar batzuek kalkulatu dute euriak zenbateraino baretzen duen atmosfera; alegia, zenbat energia kentzen dion. Sciencen argitaratutako emaitzen arabera, faktore horrek uste baino eragin handiagoa izan dezake zirkulazio atmosferikoan.
Eguzkiak Lurraren gainazaleko aireari energia ematen dio bero gisa. Eta aire horrek goragoko aire hotzari beroa pasatzeko duen joeragatik, bero horren zati bat energia zinetiko (mugimendu) bihurtzen da. Hala sortzen dira, hain zuzen ere, haizeak eta aire-zirkulazioa bera. Eta, azkenik, atmosferan pilatzen den energia zinetiko hori turbulentzien bidez xahutzen da, batez ere; edo hori uste zen orain arte behintzat.
Izan ere, euria egitean ere xahutzen da atmosferako energia, euri-tanten eta airearen arteko marruskadura-indar gisa. Bada, NASAren euri tropikala neurtzeko sateliteak hartutako datuetatik abiatuta kalkulatu dute euri-tanten marruskadura-indar gisa xahutzen den energia turbulentzietan xahutzen dena adinakoa dela, eta, beraz, atmosferako energia-balantzean kontuan hartzeko faktorea dela.