Gehienentzat munduko irla txikiak amets eta oporretako irudiak dira. Alabaina, irla horietako biztanleentzat bizitza biziraupen-borroka da; munduak neurri batean baztertuak dituenez, latzago bihurtzen dena.
Azken urteotan, gero eta gehiago irla horietako biztanleen bizimodua arrisku bizian jarri da; horiek izango baitira klima-aldaketaren eta ozeanoetako ur-mailaren igoeraren ondorioak gehien pairatuko dituztenak. Esaterako, Indiar Ozeanoko Maldiva irlak urperatuta geldi daitezke hurrengo mendearen erdialderako. Gainera estatu-irla txikien baliabide naturalak, ekonomia eta ekosistemak arriskutan daude industri ustiapena, gaizki planteatutako garapena eta munduko merkatuekiko duten menpekotasuna direla kausa.
Irla horietako arazoak aztertzeko Garapen bidean dauden Estatu Irla Txikien Garapen Jasangarrirako Mundu Konferentzia bilduko da Barbadosen apirilaren 25etik maiatzaren 6a bitartean.
Konferentzia hau Rio de Janeiroko goi-mailako bileraren ondorio da eta bertan NBEko 150 estatu inguruk eta hagitz gobernuz kanpoko erakundek hartuko du parte. Konferentzia paratzeko bi aurrebilera egin dira. 1993ko maiatzean Ozeano Bareko eta Indiar Ozeanoko estatuak juntatu ziren Vanuatun eta urte bereko uztailean, Mediterranio, Karibe eta Atlantiarrekoak Port of Spain-en (Trinidad eta Tobagon).