Espezia-usainen sekretua

Espezia-usainen sekretua
2006/07/01 | Elhuyar
Albahaka.
Artxibokoa

Zientzialariek aspalditik jakin nahi izan dute zein den espezien sekretua, zergatik duten usain berezi eta preziatu hori. Aspalditxotik dakite, adibidez, antzeko bi molekula direla espezia batzuen usainen erantzule, eugenola eta isoeugenola; baina ez zekiten nola sortzen dituen landareak molekula horiek. Azkenean, Michigango Unibertsitateko ikertzaile-talde batek argitu du sekretua, neurri batean bederen.

Ikertzaileek bi molekula horiek sortzen dituzten bi landarerekin egin dute lan: albahaka eta petunia. Hain zuzen ere, albahakak eugenol asko sortzen du, eta petuniak, berriz, isoeugenola eta beste bi molekula usaindun. Laborategian albahaka-hostoen eta petunia-loreen DNA-sekuentzia aztertu dute, eta bi molekula horiekin erlazionatuta dauden geneak identifikatu dituzte.

Geneek bi molekulen ekoizpenean ardura badutela baieztatzeko, Escherichia coli bakterioaren DNAn txertatu dituzte. Eugenolaren eta isoeugenolaren aurrekari bat ingurunean dutela ugalarazita, bakterioek molekula usaindun horiek ekoizten dituztela frogatu dute.

Naturan, eugenolak eta isoeugenolak intsektu polinizatzaileak erakartzen dituzte, eta animalia belarjaleak eta bakterioak, berriz, uxatu. Orain, bi molekula usaindunak nola sortzen diren jakinik, ikertzaileak aplikazioak bilatzen hasiak dira, esate baterako, molekulen ekoizpena areagotzeko edo gaixotasunekiko erresistenteagoak diren landareak lortzeko.

1
222
2006
7
020
Genetika; Biokimika; Botanika
Berriak labur
10
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila