Espermatozoide matxoaren mitoa

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Sexu bidezko ugalketan, une gorenetako bat da ernalketa, hau da, obulua eta espermatozoidea batzen direnekoa. Berez, une bat baino gehiago prozesu bat da, eta, hura azaltzeko, oso ohikoa da tonu epikoa erabiltzea, baita (edo batez ere) gizakion ugalketan ere. Adibidez: «Eiakulazioan, espermatozoide-zorrotada bat isurtzen da zain dagoen obuluarengana. Espermatozoide-oldea igerian doa harengana; bidean espermatozoide ahulenak bazterrean geratzen dira, eta espermatozoide onenak baino ez dira iristen helburura. Bakarrak lortuko du obuluarekin bat egitea».

Hain muturrera joan gabe ere, orokorra da espermatozoide «irabazlea» hartzea protagonistatzat eta bigarren mailakotzat jotzea obulua, konkistatzailea eta konkistatua bikote klasikoari men eginda. Antropologian, eboluzioan eta giza ugalketan espezializatutako Robert D. Martin biologoaren arabera, ordea, ikuspegi hori zientziaren historian nagusitu den estereotipo matxisten ondorioa da, eta, gainera, okerra da guztiz.

Izan ere, XX. mendera arte, zientzia-gizonek ernalkuntzaz zekitena gehiago oinarritzen zen uste eta sinesmenetan, zientzian baino. Espermatozoideak ezezagunak ziren Antoni van Leeuwenhoek izeneko merkatari eta asmatzaileak berak egindako mikroskopioaren bitartez ikusi zituen arte, 1680. urte inguruan. Bati baino gehiagori sorginkeria iruditu zitzaion, baina Leeuwenhoekek argi erakutsi zuen: giza hazian izaki bizidunak zeuden. Horrek indartu egin zuen haurrak hazitik garatzen zireneko ustea.

1876an jakin zuten ernalketa espermatozoidearen eta obuluaren artean gertatzen zela, Oscar Hertwig zoologoari esker, baina ordurako garbi zegoen ernalketa gizonen afera zela; horretarako zituzten zakila, barrabil-parea eta milioika espermatozoide. Emakumea eta haren organo eta gainerakoak, berriz, hartzaile hutsak ziren.

Zientziak aurreratu eta zientzialariek begiak ireki ahala, ordea, agerian geratu dira ikuspegi horren hutsuneak. Eta horiek nabarmendu ditu Martinek. Esaterako, gogorarazi du espermatozoideen ugaritasuna ez dela halabeharrez seinale ona: haietako asko eta asko akastunak dira; horregatik behar dira hainbeste. Eta ez dute igerian egiten obuluaren bila: umetokiaren eta obiduktoen mugimenduek bultzatzen dituzte obulurantz.

Beste hainbat uste ustelekin batera, gizonaren adinarena ere aipatu du, lehen esaten baitzen gizonaren adinak ez zuela axola. Hori okerra dela onartzea mesedegarria izan den bezala, espermatozoide matxoaren mitoa desegitea ere onerako izango dela irizten dio Martinek. Ebidentziak onartzeko eta ikuspegia aldatzeko prest egotea da gakoa.

Berria egunkarian argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group