Joan den abuztuan 20 km-ko luzera duen elektrizitate-sorgailu bat Lurra orbitatzen hasi zen. EEBB eta Italiaren arteko proiektu amankomun batean satelite bat eta bere jaurtigailua 20 km-ko kable baten bidez lotu ziren. Multzoak, Lurraren eremu magnetikoan zehar higitzen denez, elektrizitatea sortuko du. Saiakuntza honen bidez beste helburu batzuk ere lor daitezke.
Lurreko goi-atmosferan jaurtigailuari lotutako sateliteak espazio-plano hipersonikoak garatzeko erabil daitezke. Baina, programa-buru den NASAko Rick Howard-ek dioenez “ezer egin aurretik honakoa frogatu behar dugu: loturik dagoen satelitea jaurtigailutik kontrolatu eta zuzendu dezakegula”.
NASAk eta Espazio-agentzia italiarrak bakoitzak 180 milioi dolar jarri ditu proiektu honetan. Akordioa 1984. urtean lotu bazen ere, Challenger-en istripuaren ondorioz proiektua orain arte ez da gauzatzerik izan. Italia 1960-1970 hamarkadan loturiko sateliteen inguruko ikerketan interesatzen hasi zen, Padua-ko unibertsitateko Giuseppe Colombo-k Lurreko goi-atmosferan neurketak egiteko lotutako sateliteak ikertzea proposatu zuenean.
Espazioratutako sateliteak kable eroale bat du eta saiakuntza amaitutakoan berreskuratzerik izango da, gerora berriro erabili ahal izateko.
Oraingo misioan astronautek 20 km neurtzen duen kablea askatu beharko dute jaurtigailuaren inguruan. Kablea kobre isolatuzkoa da eta sorgailu elektriko baten induzitu gisa erabil daiteke. Kablea Lurraren eremu magnetikoan zehar higitzen denez, zenbait milaka volteko tentsio elektrikoa sor daiteke. Jaurtigailua satelitearekiko negatiboki kargatuko da.
Satelitea eta jaurtigailua ionosferan zehar igaroko dira eta azken hau eroalea denez zirkuitua ixteko erabil daiteke, horrela korronte elektrikoak zirkula dezan. Jaurtigailuan kokatutako elektroi-kanoi batek elektroiak botako ditu ionosferara eta ionosferako elektroiak positiboki kargatuta dagoen satelitetik kablean zehar jaurtigailuraino jaitsiko dira.
Satelitean dauden tresnen bidez, Lurretik fisikariek kable eta ionosferako korronteen arteko erlazioak aztertuko dituzte. Aldi berean, injineruek sistemaren portaera mekanikoa kontrolatuko dute. Tentsioa neurtu eta espero gabeko oszilazioak detektatuko dituzte.