Espazio estazioen bilakaera

Imaz Amiano, Eneko

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Mujika, Alfontso

Elhuyar Fundazioa

1957ko urriaren 4an sobietarrek Sputnik 1 satelitea espazioratu zutenetik edo, zehatzago esanda, 1969an estatubatuarrek lehen gizakia ilargiratu zutenetik munduko bi potentzia nagusiek bide desberdinak jorratu dituzte. EEBBek eguzki-sistema esploratu eta behin baino gehiagotan erabiltzeko ibilgailuen diseinuaren bidetik jo zuten; sobietarrek, berriz, iraupen luzeko misioak egiteari eta espazio-estazioen garatzeari ekin zioten.

Goiko argazkian,, Lurraren inguruan jira-biraka hamaika urte daramatzan Mir espazio-estazio errusiarra, oraingo Nazioarteko aintzindaria. Beheko irudian Skylab estazio estatubatuarra (1973-79). (NASA).

Gauzak horrela, espazio-estazioen historia espazio-estazio errusiarren bilakaerari lotua dago ezinbestean. Bilakaera hau lau garaitan bana daiteke.Lehena espazio-estazioen aurreko garaia (1903-1964) dela esan daiteke. 1903an Konstantin Tsiolkovski zientzialari eta irakasleak kohetearen higidurari buruzko legeak azaldu zituen eta orbitan legokeen espazio-estazioa deskribatu zuen lehenengoz.Kohete eta espazioko bidaiez idazten jarraitu zuen 1935ean hil zen arte eta bera izan da SESB zeneko hainbat injineru-belaunaldiren inspiraziorako iturria. 1957an, esan bezala, munduko lehen satelite artifiziala aireratu zuten. Eta 1961eko apirilaren 12an lehen gizakia espaziora iritsi zen, Juri Gagarin hain zuzen ere. Urtebete geroago, injineru sobietarrek espaziora bananduta bidali eta bertan batuta moduluz osatuko litzatekeen espazio-estazioaren ideia lantzen hasi ziren.

Bigarren garaiari (1964-1977) "estazioen lehen belaunaldia" dei dakioke. Belaunaldi honetako espazio-estazioek kai bakarra zuten eta ezin zitezkeen tresneria edo erregai berriz hornitu. Tripulaziorik gabe espazioratzen ziren eta ondoren jasotzen zituzten kosmonautak. Bi motatakoak ziren, Almaz izeneko militarrak eta Saliut izeneko zibilak, baina sobietarrek biei Saliut zeritzen mendebaldekoak nahastearren. Saliut 1 izan zen historia osoan espazioratutako lehen espazio-estazioa; 1971ko apirilaren 19a zen. Belaunaldi horretako lehenengo saioek akats ugari izan zuten (Soiuz 10 espazio-ontzian joandako tripulazioak ezin izan zuen Saliut 1ean sartu. Soiuz 11n joandakoak hiru astez bizi izan ziren espazio-estazioan, baina Lurrera itzultzean hil ziren ontziak aire-galera zuela eta,...), baina berehala ikasi zuten eta, okerrak zuzenduta, ondorengo saioek arrakasta izan zuten.

Hirugarren garaia (1977-1985) "bigarren belaunaldiko" estazio-espazioek osatzen dute. Oraingo honetan ere tripulaziorik gabe espazioratu zituzten Saliut 6 eta Saliut 7a, baina bina kai zituztenez tresneria eta erregai berriz horni zitezkeen. Garai horretan espazioko egonaldiak nabarmen luzatu zituzten (egonaldi luzeena 237 egunekoa izan zen) eta estatu bat baino gehiagoko (Hungaria, Polonia, Errumania, Kuba, Mongolia, Vietnam, Ekialdeko Alemania, Frantzia eta India) astronauten bisita ere jaso zuten. Lurrera itzultzeko erabiltzen zituzten espazio-ontzien iraupena ere nabarmen luzatu zuten; hasierakoek 60-90 egun irauten zuten espazioan, Soiuz-TM-ak, ordea, 180 egunetik gora. Nazioarteko espazio-estazioan erabiliko dutenak urtebetetik gora iraungo du. 1986an utzi zuten azkenengoz Saliut 7 estazioa eta 1991n Lurraren atmosferan sartu eta desegin egin zen.

Azken garaia (1986tik gaur egun arte) "hirugarren belaunaldia" edo Mir-en garaia da. Mir-ek 11 urte eman ditu espazioan eta horietatik 9 azkenetan "biztanleak" izan ditu modu jarraituan. Espazio-estazio hau muin nagusiaz eta 6 moduluz osatua dago eta neurriz 32,5 metrotik gora luze eta 27,5 metro inguru zabal da; pisuz, ordea, 100 tonatik gora da. Mir-en muina 1986an espazioratu zuten eta atrakatzeko modulua 1995eko ekainean. Egonaldi luzeena 438 egunekoa izan da eta, honetan ere, hainbat estatutako bisitariak jaso ditu. Azken aldian EEBBetako astronautak bertan izan dira ia etengabe. Estazio honetan eskuratutako esperientzia eta jakituria ezinbestekoak izan dira Nazioarteko Espazio Estazioaren diseinu eta planifikazio egokian. Aurten Lurraren atmosferan sartu eta gehiena desintegratu ondoren itsasora erortzea dago aurreikusia, baina errusiarrek bertako pieza eta osagaiak berrerabili nahi dituzte dirua aurreztearren eta estatubatuarrekin batera aukera hori aztertzen ari dira. Horrek estazioaren iraupena luzatu egingo luke.

Edonola ere, EEBBek badute espazio-estazio bat euren historian; Skylab hain zuzen ere. Hau 1973ko maiatzean espazioratu zuten Ilargirako erabilitakoen antzekoa zen Saturno V jaurtigailuaren bidez. Espazio-estazio honetan 28, 56 eta 84 eguneko hiru egonaldi egin zituzten. 1974an NASAk goragoko orbita batera eramatea proposatu zuen, baina uste baino eguzki-jarduera handiagoak Lurraren atmosfera hedatu egin zuen eta, azkenean, 1979an Skylab gure atmosferan sartu eta suntsitu egin zen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila