Neolito garaiko zeramikazko ontzi txikiak aurkitu izan dira, likidoak isurtzeko balio zezakeen tutu edo mutur bat dutenak. Zaharrenak duela 5.000 urte ingurukoak dira, eta pentsatzen da biberoiak izan zitezkeela. Orain, ikerketa batek hipotesi horren aldeko zantzu berriak aurkitu ditu, esne-hondarrak identifikatu baititu halako hiru ontzitan. Naturen argitaratu dituzte emaitzak.
Bavarian aurkitutako hiru ontzi aztertu dituzte, 0 eta 6 urte bitarteko haurren ondoan aurkituak, bi Burdin Aroaren hasierako hilerri batean (K.a. 800-450 urte), eta bestea Brontze Aroko nekropoli batean (K.a. 1200 - 800 urte). Ontzi horietako gantz-hondarrei isotopo-azterketak eginda, animalia-jatorriko gantz-azidoak identifikatu dituzte. Zehazki, bi ontzi hausnarkarien esnearekin erabili zirela ondorioztatu dute, eta hirugarrenean hausnarkariena ez den esnea identifikatu dute, giza edo txerri-esnea, ziurrenik.
Elhuyarrek garatutako teknologia