Gure galaxiak inoiz eman duen irudirik eder eta esanguratsuena lortu dute SARAO behatoki afrikarrean. Galaxien urrutiko irudiak ikustera ohituta, harrigarria da Esne Bidearen bihotzean halako aktibitate elektrikoa dagoela ikustea. Ekaitz elektrikoek argitzen dute galaxiaren erdigunea: lehertzen eta hiltzen ari diren izarrak ikusten dira; leherketa horiek eraginda zabaltzen ari den materia; jaiotzen ari diren izarrak… Galaxiaren erdian dagoen zulo beltz supermasiboa ere ageri da: Sagitario A, Eguzkiaren halako 4 milioi izarren masa duena. Eta, agian bereziena, energia-harizpi luzeak. 100 argi-urteko luzera duten zuntzak dira. Duela 35 urte ikusi zituzten lehenengoz zientzialariek, baina oraindik ez dute ulertzen nola sortu diren.
Hego Afrikako SARAO behatokiko MeerKAT irrati-teleskopio berriaz lortu dute irudi berria. Argi ikuskorreko teleskopioek ezin dituzte hauteman Esne Bideko egitura asko, eremu asko ilun azaltzen baitzaizkie, hauts kosmikoz osatutako hodeien erruz. Erradio-uhinek, ordea, zeharka ditzakete hautsezko hodeiak, eta galaxiaren bihotza gertutik ikusteko aukera eman dute.
MeerKAT sentikortasun handiko irrati-teleskopioa da: 64 antena ditu, Hego Afrikako desertu batean barreiatuta. Hogei behaketa luze eta hiru urteko lana behar izan dituzte irudia lortzeko. Nazioarteko ikertzaile-talde handi bat aritu da datuak prozesatzen.
Lortutako irudian Esne Bidearen eremu bat bakarrik azaltzen da, galaxiaren bihotza eta eremurik aktiboena dena. 1.000 argi-urteko zabalera jaso du irudiak. Galaxiak 100.000 argi-urteko diametroa duenez, eremu txiki bat. Hala eta guztiz ere, irudiak aukera zientifiko handiak eskaintzen dituela adierazi dute ikertzaileek. Komunitate astronomikoarentzat probetxuzkoa izango dela uste dute, eta aurrerantzean informazio esanguratsua eskuratzeko aukera emango duela.
Energia-harizpi misteriotsuak dira arreta gehien eman dutenak. Beheko irudian ageri dira. 1.000 argi-urte zabalera duen energia-burbuila ikaragarri handi baten parte dira, Sagitario A zulo beltz supermasiboaren gainean azaltzen dena. Zuntz luzeak, paraleloak eta bihurrituak dira, eta inoiz ez dira halako zehaztasunez ikusi. Galaxiaren irudi berriak hainbat harizpi-multzo jaso ditu; beraz, haien ezaugarriak ikertzeko bidea emango duela uste dute ikertzaileek.
Beste eremu honetan, G359.1-0.5 izenez ezagutzen den hodeia azaltzen da. Supernoba baten eztandaren arrasto distiratsuak dira. Eta, ezkerrean, Sagua izenez ezagutzen dena, supernoban sortu baina handik ateratako pulsar bat. Eskubian, Sugea, ezagutzen den energia-harizpirik luzeena:
Supernoba esferiko eta ia perfektu baten hondarrak ere ikusi dituze galaxiaren bihotzean, MeerKAT mosaikoaren ertzean azaldu dena (eskuineko argazkian). Bestelako energia-puntu asko ere ageri dira irudian: horietako asko, gure galaxiatik urruti dauden beste galaxia batzuren erdigunean dauden zulo beltz supermasiboak. Irudiaren eskuinaldean, isats argitsua utzi duen objektu ezezaguna ikusten da. Abiadura handian mugitzen den objektua dela uste dute ikertzaileek.
The Astrophysical Journal aldizkari zientifikoan argitaratu dute MeerKAT irrati-teleskopioari esker egindako lana. Are handiagoa izango den beste irrati-teleskopio baten aurrekaria da MeerKAT. Datorren hamarkada honetan eraikiko dute Square Kilometer Array, antena gehiago izanik, Lurreko irrati-teleskopiorik ahaltsuena izango dena.
Elhuyarrek garatutako teknologia