Naturalena erreketako ura gardena izatea dela uste du jende askok, baina ez du zertan. Egoera naturalean, lurzoruko osagaiak disolbatu egiten dira, eta urari marroi-kolorea ematen diote. Baina poluzioaren ondorioz sortutako euri azidoak lurzorua azidotu egiten du, eta, horren ondorioz, lurzoruaren osagaiak gutxiago disolbatzen dira eta errekak gardenagoak ikusten dira. Azken urteetan, euri azidoa gutxitzeari esker, lurzoruen azidotasuna ere gutxitu egin da, eta geroz eta marroixeagoak ikusten dira erreka eta lakuetako urak.