Epstein-Barr birusaren aurkako antigorputz batzuek esklerosi anizkoitza garatzeko arriskua handitzen dute, aldaera genetiko jakin batzuk dituzten pertsonetan. Horixe ondorioztatu dute Karolinska Insitutuko eta Stanford Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Birusaren proteina jakin baten aurkako antigorputzak dira, baina, aldi berean, nerbio-sistemako antzeko beste proteina batzuk kaltetzen dituzte. PNAS aldizkarian argitaratu dute ikerketa
Epstein-Barr birusaren eta esklerosi anizkoitzaren arteko lotura aspalditik ezagutzen da. 1981ean hasi ziren susmatzen, eta geroztik hainbat ikerketetan topatu dira horren aldeko zantzuak. Berrespen handiena 2022an Science-en argitaratutako 20 urtetako ikerketa batek ekarri zuen. Eta, dagoeneko, birusaren infekzioa ezinbesteko baldintzatzat jotzen da gaitza garatzeko. Baina birus horrek populazioaren % 90-95 infektatzen du (haurtzaroan sintoma gutxi edo batere gabe, eta heldu gazteetan mononukleosi infekziosoa eragin dezake), eta oraindik ez da ezagutzen zergatik garatzen den esklerosi anizkoitza pertsona batzuetan, eta zer eragin duen birusak horretan.
Ikertzaileek esklerosi anizkoitza duten 650 pertsona eta populazio orokorreko 661 pertsona aztertu dituzte. Aurreko ikerketa batzuetan frogatua zegoen birusaren EBNA1 proteinaren aurkako antigorputzek garuneko beste 3 proteinen aurka egiten dutela. Orain, ikusi dute esklerosi anizkoitza duten pertsonetan antigorputz horiek maila altuan dituztela. Hala, baieztatu dute antigorputz horiek esklerosi anizkoitza izateko arriskua areagotzen dutela, eta ikusi dute hori faktore genetiko jakin batzuekin lotuta dagoela.
Elhuyarrek garatutako teknologia