Nature Neuroscience aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera, prioi osasuntsuek (PrP proteinek) funtzio onuragarriak dituzte nerbio-sisteman; are gehiago, beharrezkoak dira nerbioak estaltzen edo biltzen dituen mielina sortzeko.
Behi eroen krisia gertatu zenean, ikertzaileek deskubritu zuten egitura galdua zuten prioi desitxuratuek sortzen zutela gaitz hura, bai eta Creutzfeldt-Jakob gaixotasuna ere (pertsonek duten pareko gaitza). Prioiak gaixotasunekin lotu zituzten, beraz.
Alabaina, zientzialariek susmatzen zuten PrP proteinak funtzioren bat izan dezakeela. Duela lau urte, Adriano Aguzzi Zuricheko Unibertsitateko neuropatologoak ikertzaile japoniar batzuek 1999an argitaratutako lan batean jarri zuen arreta; lan hartan jakinarazten zutenez, PrP proteina falta zuten saguek kalteak zituzten nerbio periferikoetan.
Aguzzi eta bere taldeak bide horretan ikertzen jarraitu dute, eta frogatu dute PrP proteina beharrezkoa dela saguetan, nerbio-sistema periferikoko neuronak mielinaz ondo bil daitezen. Prp proteinarik gabe, berriz, mielina ez da osatzen, eta, horren ondorioz, nerbio-sistemako gaixotasunak garatzen dituzte saguek.
Ikertzaileek uste dute PrP proteina garrantzitsua dela mielinaren galerarekin lotutako hainbat giza gaixotasunetan, hala nola esklerosi anizkoitzean. Horrenbestez, "ikertzen jarraitzeko asmoa" dutela adierazi dute.