Entzima guztiak ez direla espezifikoak frogatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Entzimak erreakzio biokimikoak katalizatzen dituzten molekulak dira, Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoaren arabera. Hiztegiak berak zehazten duenez, entzima bakoitza erreakzio jakin baterako edo antzeko erreakzio-multzo baterako espezifikoa da. Hala ere, zientzialari batzuek susmoa zuten entzima guztiak ez zirela guztiz espezifikoak, hainbat erreakzio katalizatzeko gaitasuna zutela.
entzima-guztiak-ez-direla-espezifikoak-frogatu-dut
Arg. UC San Diego

Orain, Kaliforniako Unibertsitateko bioingeniariek frogatu dute hala dela, alegia, badirela entzima ez-espezifikoak. Science aldizkariak plazaratu du ikerketa, eta, haren arabera, Escherichia coli bakterioaren hazkundean parte hartzen duten erreakzio metabolikoak katalizatzen dituzten entzimen % 37 ez dira espezifikoak.

Berez, ikertzaileek urteak daramatzate E. coli bakterioaren metabolismoaren eredu genetikoa osatzen, entzimen eboluzioa ulertzeko asmoarekin. Haien esanean, orain arte entzimak banaka aztertu izan dira; haiek, ordea, paradigma aldatu dute, eta erakutsi dute entzimek beste entzimen eragina jasaten dutela, eta, beraz, sistema osoaren eboluzioa aztertu behar dela, entzima bakoitzarena aztertu beharrean.

Hala, zelula osoa eredu hartuta, ikusi dute zenbat eta beharrezkoagoa izan entzima bat metabolismoan orduan eta espezifikoagoa eta eraginkorragoa dela. Aldiz, zelularen hazkundean neurri batean bakarrik parte hartzen dutenak ez dira hain espezifikoak eta “alferragoak” dira, nolabait esateko. Alferkeria horrek, hala ere, ez dio kalterik egiten hazkundeari, entzima horiek hobeto jasaten baitituzte inguruaren aldaketak eta ez baitira entzima espezifikoak eta eraginkorrak bezain ezinbestekoak.

Horrez gain, ikertzaileek nabarmendu dute beren lanak sistemen biologiaren arrakasta berresten duela. Haien ustez, kontzeptu horrekin lan egiteak emaitza onak ekar ditzake epe motzean zein luzean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila