Endometriosia bakterio baten eraginez sor daitekeela iradoki dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

endometriosia-bakterio-baten-eraginez-sor-daitekee
Obarioko endometriosia. Arg. Nephron/CC 3.0

Endometriosia ugaltze-adinean dauden emakumeen %15ari eragiten badio ere, ez da nahikoa ikertu, eta ez dira ondo ezagutzen atzean dauden mekanismoak. Orain, Japonian egin duten ikerketa batean iradoki dute tartean eragile infekzioso bat egon daitekeela;  Fusobacterium generoko bakterio bat, hain zuzen.

Science Translational Medicine aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Azaldu dutenez, 155 emakume japoniar aztertu dituzte, eta endometriosia zutenen erdietan baino gehiagotan aurkitu dute bakterioa. Aldiz, kontrol-taldean %7 k baino ez zuen. 

Horrez gain, endometriosia ikertzeko erabiltzen diren sagu ereduetan, frogatu dute Fusobacterium inokulatuta endometriosiaren sintomak eta lesioak okertu egiten direla. Eta are gehiago: metronidazol eta kloranfenikolarekin egindako tratamendu antibiotikoekin, lesioak arindu egiten dira.

Horrenbestez, ondorioztatu dute Fusobacterium-en infekzioak endometriosiaren patogenesia eragin dezakeela; eta beste etnia batzuetako emakumeak aztertzea, eta antibiotikoen bidezko tratamendua ikertzea proposatu dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila