Landareen sustraietako mikrobiotan bakterio bat da nagusi

landareen-sustraietako-mikrobiota-konplexuan-nabar
Arabidopsis thaliana espezieko landarearekin egin dute ikerketa. Arg. Wikimedia Commons

Gizakion mikrobiota bezalaxe, landareen mikrobiota ezagutzeak ere interes handia du zientzialarientzat. Izan ere, sustraien bidez landareekin interakzionatzen dute lurreko bakterioek, eta landareen hazkuntza eta osasuna baldintzatzen dute. Arabidopsis landarearen hazkuntzan nola eragiten duten argitzeko, 185 espezieko komunitate bakteriano sintetikoaz inokulatu dute landarea Ipar Karolinako Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek. Bakterioen aktibitatea aztertzean ikusi dutenez, genero bakteriano batek du landareen hazkuntzan eragin handiena —Variovorax generoak—, landareen hormona-maila manipulatu eta beste bakterioek eragindako aldaketak inhibitu baititzake.

Seinale kimiko asko elkartrukatzen dituzte landareen sustraiek eta lurreko bakterioek; haien komunikazio-bidea da. Bakterio batzuk gai dira auxinak —landareen hormonak— sortu eta landareen sustraietan jariatzeko, eta, beste batzuek, ordea, landareen hormonak degradatu egiten dituzte. Ondorioz, landarearen hazkuntza sustatu edo moteldu dezakete. Variovorax generoko bakterioek eragin nabarmena dute landareengan, bakterio-komunitate zabal batek eragindako hazkundea inhibitzeko gaitasuna baitute.

Aurretik ere bazekiten Variovorax-ek ingurua kolonizatzen lagundu diezaiekeela dagoeneko sortua den komunitate batera berandu iristen diren landareei. Ikertzaileen arabera, garrantzitsua da errizosferan gertatzen diren interakzio kimikoen sare hori guztia ondo ezagutzea eta optimizatzea, labore erresistenteak eta emankorrak lortzeko estrategia ekologikoagoa izan daitekeelakoan. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila