Enbrioi deformeak

Mendebaldeko Alemaniako Arrantzarako Ikerketa-Institutuko ikerlariek aditzera eman dutenez, Ipar Itsasoko zenbait arrain-moten enbrioiek deformazio-maila handia dute. Azken hiru urteotan aztertutako liba-enbrioien erdiak eta lengoradu-, makailao- eta platuxa-enbrioien %5-20k deformazio hilgarriak zituzten.

Deformazio-mailarik altuenak Alemaniako Helgoland Golkoan daude. Bertara, titanio(IV) oxidoa fabrikatzean sortutako hondakinak bota dira azken hogei urteotan. Zientzilariek ez dute lehenagoko deformazio-maila ezagutzen, baina enbrioi gehienek deformazio kromosomatikoak dituztenez, poluzio kimikoa dela kausa aldarrikatu dute.

Pestizida moduan erabiltzen diren konposatu organokloratuak ere susmagarri dira. Izan ere, arrainen koipe eta gibelean metaturik aurkitu dira eta hazi eta arrautzetara igarotzea ez litzateke harrigarria izango.

Honek arrain-estokean zein eragin duen ez dago oraindik esaterik; arrain horietako askok deformazio-mailarik handieneko eskualdetik kanpo erruten bait dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila