EMN: urrats berria

Erresonantzia Magnetiko Nuklearra (EMN) konposatu kimikoen egitura ezagutzeko erabiltzen den tekniketako bat (oparoena akaso) da.

Egun, EMN medikuntz arloan duen erabilpenagatik da jendartean ezaguna, baina bere jatorria ez da hori izan.

EMN 1940.eko hamarkadaren erdialdean sortu zen eta bere lehenengo erabilpena nukleo atomikoen oinarrizko ezaugarriak aztertzea izan zen. Dena den, kimikariak izan ziren EMNren garapenean bultzadarik handiena eragin zutenak. Izan ere, nukleo atomiko jakin bat eremu magnetiko baten pean jartzen denean, daukan erresonantzi frekuentzia inguratzen duen atmosfera elektronikoaren menpekoa dela konturatu ziren. Hitz lauz esanda, nukleo baten erresonantzi frekuentzia inguratzen duten atomoen araberakoa da. Horrexegatik, EMN bazterrezinezko erreminta bilkakatu zen konposatu kimikoen egitura ezagutzeko unean.

EMN egiterakoan lagin gaseoso eta likidoek ez dute inoiz arazorik sortu; lagin solidoek ordea bai. Lagin solidoak erabiliz, ezinezkoa zen bereizmen oneko EMNko esprektrogramak lortzea. Honek arazo larriak planteatzen zizkien kristalografoei kristalak EMNz aztertu nahi zituztenean. 1958.ean arazoa konpondu egin zen neurri batean “angelu magikopeko biraketazko erresonantzia magnetiko nuklearra” (MAS EMN) martxan jarri zenean. Teknika honen bidez, lagin solidoak eremu magnetikoarekiko 54,74º-ko angeluaz birarazten dira eta bereizmen oneko espektroak lortzen dira.

Hala eta guztiz ere, teknika honek ez zuen nukleo atomiko guztientzat balio (11B, 17O eta 23 Na-rentzat esaterako).

Arazo hau konpontzeko teknika berria garatu dute Lawrence-Berkeley laborategiko A. Pines eta Estoniako Unibertsitateko E. Lippmaa eta A. Samonson fisikariek. Teknika berriari “biraketa bikoitzeko erresonantzia magnetiko nuklearra” deritzo. Lagin solidoa angelu bakar batekiko bakarrik birarazi beharrean bi angeluekiko birarazten da. Angelu hauek 54,74º eta 30,5º dira. Teknika honen bidez 23 Na nukleoen bereizmen handiko espektroak lortu dituzte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila