Eltxoek zabaldutako gaitzek Afrikan izango duten ibilbidea aurreikusi dute

eltxoek-zabaldutako-gaitzak-afrikan
Aedes aegypti eltxoa. - Arg. James Gathany / Flickr

Tenperaturen gorakadaren arabera hedatuko dira Sahara azpiko Afrikan eltxoek transmititzen dituzten gaitzak, Lancet Planetary Health aldizkarian argitaratutako ikerketa batean argitu dutenez. Oro har, klima aldaketaren ondorioz, malariak behera joko du, baina dengea eta chikungunya bezalako gaitzek gora joko dutela aurreikusi dute ikertzaileek, batez ere hirietan.

Azaldu dutenez, eltxoen prozesu biologikoak oso lotuta daude tenperaturari, espezie bakoitzak optimo bat duelarik. Malaria zabaltzen duen Anopheles gambi espeziearen kasuan, optimo hori 25 ºC-koa da. Dengea, chikungunya edota zika birusen bektorea den Aedes aegypti eltxoa, berriz, 29 gradutan moldatzen da hoberen.

Gaitz horiek guztiak eltxoek zabaltzen badituzte ere, horiei aurre egiteko osasun-estrategiak oso desberdinak dira, kontuan izanda malaria parasito batek sortzen duela eta dengea eta chikungunya gaitz birikoak direla. Bestalde, Anopheles gambi eltxoak gauez ziztatzen du, eta, horregatik, malariari aurre egiteko estrategietan etxe barruko espraiak eta ohe ondoko errezelak lehenetsi dira. Baina Aedes aegypti espezieak egunez ziztatu ohi du, eta neurri horiek ez dira oso erabilgarriak haren aurka. Azken eltxo honek hiri-inguruneak nahiago ditu, eta horretan ere eragina desberdina izango da. Horregatik, malariari ez ezik, beste gaitz horiei ere erreparatu behar zaiela nabarmendu dute ikertzaileek.

Martxan dagoen prozesua da: datuak daudenetik, 2019. urtea izan da orain arteko txarrena dengearen transmisiori dagokionez, eta artean zabalduta ez zegoen herrialdeetara iritsi da gaitza.

Tenperaturen gorakadarekin, orain epelak diren eskualdeetara irits daiteke malaria; orain malariak jota dauden beste hainbat eskualdetan, berriz, gaitz hori desagertu eta tenperatura altuagoetan hobe moldatzen diren eltxoak sartuko dira, gaitz birikoak zabalduz. Arrisku biak izango dituzten eremuak ere identifikatu dituzte: Kenyako, Ugandako eta Tanzaniako zenbait hiri jarri dituzte adibidetzat, horietan izango baita arriskurik handiena 2050. urtearen bueltan.

Besteak beste, eltxo hauen babesleku diren elementuak garbitzeko edo estaltzeko programak eskatu dituzte, eta baita askotan malariatzat hartzen diren gaitz birikoen diagnosiak egiteko baliabideak ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila