Wolbachia bakterioa, arma berria malariaren kontrako gerran

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

wolbachia-bakterioa-arma-berria-malariaren-kontrak
Anopheles stephensis eltxoa Arg. © CDC

Intsektuak infektatzen duen Wolbachia bakterioa lehiakide indartsua da malaria eragiten duen Plasmodium protozooarentzat. Horregatik pentsatu izan da eltxoak bakterioarekin kutsatzea estrategia ona izan daitekeela malariari aurre egiteko. Baina Anopheles eltxoak bakterioarekin infektatu izan diren kasuetan, belaunaldi bakarra iraun du infekzioak, eta, beraz, sistema ez da oso eraginkorra. Orain, enbrioien mikroinjekzioa erabilita, biologoek infekzioa heredagarri bilakatu dute malaria transmititzen duen eltxoetan, eta, horri esker, Wolbachia bakterioa arma egokia izan daiteke malariaren aurkako gerran.

Ikerketa elkarlanean egin dute Estatu Batuetako eta Txinako bi taldek: Michigan State Unibertsitatekoa bata eta Sun Yat-Sen Unibertsitatekoa bestea. Anopheles stephensi eltxoa infektatu dute bakterioarekin, hau da, Ekialde Hurbilean eta Asiaren hegoaldean malaria transmititzen duen espezie nagusia. Berez, Wolbachia bakterioak ez du eltxo hori infektatzen, eta, hain zuzen ere, lanaren zailtasunik handiena da infekzio iraunkor eta heredagarri bat eragitea.

Enbrioien mikroinjekzioaren bitartez lortu dute hori. Wolbachia bakterioa beste eltxo batetik hartu dute, Aedes albopictus-en enbrioitik; enbrioiaren zitoplasma osoa erauzi, eta Anophelesen enbrioian injektatu dute. Aedes eltxoaren zitoplasman dago belaunaldi berriak heredatzen duen infekzioa, eta, nahiz eta beste enbrioi batera eraman, ez da desagertu infektatzeko ahalmena: Anopheles eltxoaren hurrengo 34 belaunaldiak —zientzialariek aztertu dituzten guztiak— infektatuta zeudela ikusi zuten.

Wolbachiak ugalketa eragozten dio Plasmodiumari, eta, horrez gain, eltxoak erresistentzia garatzen du Plasmodium protozooaren infekzioen kontra. Hortaz, aurrerapauso handia da malariaren aurkako ikerketan, nahiz eta oraingoz laborategiko lana besterik ez izan. Arma berria da malariaren aurkako gerran.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila