Zientzia euskaraz jantzi

Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

Orain dela gutxi, euskara sustatzeko helburuz Eusko Jaurlaritzak hedabideen artean banatzen dituen diru-laguntzen inguruko hausnarketa bat kaleratu dugu. Izan ere, gure aldizkariak Hedabideak deialdiko laguntzen % 73 galdu du azken 5 urteotan. Iaztik, irakurle-kopurua da dirua banatzeko irizpide nagusia, eta horrek ondorio lazgarriak utzi ditu hedabide espezializatuetan.

Euskararen erabilera sustatu nahi duen politika batek nola utz ditzake kanpoan esparru espezializatuak lantzen dituzten hedabide euskaldunak? Nekez uler daiteke horrek euskararen alde egingo duenik. Euskarak, atzean geratuko ez bada, zientzia jantzi behar du, literatura, teknologia, kirola eta gaurkotasuna duten esparru guztiak.

Eztabaidaz harago, guk lanean jarraituko dugu, zientzia euskaraz zabaltzeko asmoz. Hain zuzen ere, euskara gaurkotasunaren trenean sartzen lan handia egin duen IXA taldeko kide bat elkarrizketatu dugu, Eneko Agirre. Iaz Google Research sari entzutetsua jaso zuenetik gelditu gabe ibili ondoren, makinek eta gizakiok elkar ulertzeaz aritu da gurekin solasean. Makinak eta giza hizkuntza: non daude egungo erronkak?

Gai konplexu bat ere mahaigaineratu nahi izan dugu: antisorgailu hormonalen eta depresioaren artean egon litekeen harremana. Gertuko adituen eskutik, azken ikerketen emaitzak aztertu ditugu, jakinda tentuz hartzeko gaia dela.

Eta gizateriaren erronka handienetako bat ere aurkituko duzue orrialde hauetan: izarretan bezala Lurrean ere fusioaren bidez energia lortzeko proiektu bat da, milaka urterako energia emango lukeena, baina, oraindik ere, zailtasun teknologiko itzelak dituena: ITER, gozoki bat denon ahotan.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group