Ekoetiketa europarra

“Kontsumo berdea” gorantz doan fenomenoa da. Gero eta arruntagoa da ingurugiroari kalterik egiten ez diotela aldarrikatzen duten etiketak mota guztietako produktuetan ikustea. Produktu berdeek gora egin duten neurri berean hazi da kontsumitzaile askoren mesfidantza, etiketek hain harro diotena sinesgarria ote den galdetuz. Arazo honetaz kezkaturik, Europako Ekonomi Elkarteko Batzordeak urrirako martxan jarri nahi du etiketa berdeen egiazkotasuna segurtatuko duen sistema.

Paper, garbikari, spray, elektragailu, etab. hartuko dira kontutan sistema honetan, baina ez jangai eta botikak. Azken hauek badute orain ere arautegi estua eta ez da arlo horretan berriro ere sartu nahi izan. Ezarri nahi diren estandar horiek betetzen dituzten produktuek “ekoetiketa” izateko eskubidea izango dute. Ekoetiketa honek lore baten itxura izango du eta petaloen ordez Europako Batasuneko 12 izarrak erakutsiko ditu.

Estandar horiek definitzea izan da, noski, lanik garrantzitsuena. Horretarako planteamendu berria egin da gainera. Adibidez, ikuzgailu baten kasuan, ez da erabilera-kontsumoa bakarrik kontutan hartzen fabrikazio-prozesuko energi kontsumoak eta garraioaren ondorioak ere kontutan hartzen bait dira. Horrela, produktuaren bizi-zikloaren analisi osoa egiten da eta ziklo horretan ingurugiroan eraginik handiena duten urratsak zeintzuk diren definitzen da.

Hala ere, eta produktuaren bizi-zikloaren urratsez urratsezko informazio zehatza izanagatik, poluzio-mota desberdinak konparatzeko neurriren bat asmatu beharra dago, produktuen arteko konparazioak egin ahal izateko. Ingurugiroarekiko eraginaren baliokidetasunak ezartzeko bolumen kritikoaren kontzeptua erabili da. Esate baterako: ur-poluitzaile baten muga onargarria 1.000 ppm-koa bada eta beste aire-poluitzaile batena 500 ppm-koa, bi kopuru hauek eragin berdinekotzat jotzen dira.

Planteamendua eztabaidagarria da, noski, baina oraingoz horixe da aurkitu den modurik zientifikoena eta ekoizleak onartzeko aurkeztuko dena. Bestalde, urratsez urratseko azterketa honek bakoitzak duen erantzukizunaren neurria bistan uzten du: produktu-ekoizlearena alde batetik eta kontsumitzaile edo erabiltzailearena bestetik.

Esan dugunez, eskema hau erabiliz zientifikotasuna erantsi nahi izan zaio sistema osoari, baina arazoa hori baino korapilatsuagoa da. Ingurugiroarekiko eraginik gabeko, edo eragin onargarriko kontsumoa definitu nahiak, bere baitan ditu kontraesanak. Ekoizle eta kontsumitzaileen informazio- eta sentikortasun-maila igotzeko bide luzea egin beharra dago ondorengo urteetan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila