Ehun urtetik gorako pertsonek modu osasungarrian nola zahartu jakiteko zantzuak eman diezazketelakoan, ikerketa aitzindari bat egin du nazioarteko ikertzaile-talde batek, Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Onkologia Zelularraren gidaritzapean.Ikerketa horretan, 20.000 gene baino gehiagoren adierazpena konparatu dute ehun urtetik gorakoen, adinekoen eta gazteen garun-laginetan, eta ikusi dute ehun urtetik gorako pertsonen garunek patroi molekular desberdina dutela gainerako adineko pertsonen aldean.
Ehun urtetik gorako pertsonak bizialdi oso luzea, jarduera kognitibo hobea eta bizi kalitatea hobea dituzten biztanle-talde bat dira. Ezaugarri horiek direla eta, ehun urtetik gorako pertsonak zahartze arrakastatsu edo osasungarriaren eredutzat hartzen dira. Gipuzkoako biztanleekin egindako azken azterlanek berretsi egin dituzte datu horiek (Gipuzkoan 300 eta Euskadin 1000 inguru dira ehun urtetik gora dituztenak), eta ikusi da batez ere emakumeak direla biztanle talde horretan daudenak, gaixotasun gutxiago garatzen dituztela (neuroendekapenezkoak barne), osasun-zerbitzu gutxiago erabiltzen dituztela eta medikamentu gutxiago hartzen dituztela.
Azterketak hipokanpoaren laginetan oinarritu da; hau da, oroimenaz, ikaskuntzaz eta halako funtzioez arduratzen den eremua aztertu dute berariaz. Hala, ikusi dute ehun urtetik gorako pertsonek metalotioneinen familiako geneen maila altuak dituztela (metal astunak desagerrarazten dituzten geneak, adinarekin metatzen direnak eta neurona-zelulei kalte egiten dietenak). Gainera, ikerketak erakutsi du metalotioneinen adierazpena astrozitoetan dagoela –ehunetako homeostasia mantentzeaz eta zelula neuralak babesteaz arduratzen diren zeluletan, alegia–.
Labur esanda, ehun urtetik gorako biztanleen jarduera kognitiboa ohiz kanpo mantentzearekin lotutako mekanismo biologiko berritzaile bat deskribatzen du lanak, eta zahartzearen aurkako mekanismo berritzat hartzen da. Azterlana Aging Cell aldizkarian argitaratu da.
Elhuyarrek garatutako teknologia