Eguzkia barealdi luze baterantz doa

Eguzkia barealdi luze baterantz doa
2010/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: SOHO)

Estatu Batuetako Atmosfera Ikertzeko Zentro Nazionalean (NCAR) egindako ikerketa batean ikusi dute litekeena dela Eguzkia jarduera txikiko epe luze baterantz joatea, azkenekoz XVII. mendean behatu zena bezalako barealdi baterantz.

Ondorio horretara iristeko, Lurreko Van Allen erradiazio-gerrikoari begiratu diote. Izan ere, Van Allen gerrikoa Lurreko eremu magnetikoaren kanpoaldean dago, eta horrek jasotzen ditu Eguzkitik datozen partikula eta energia gehienak. Eguzkiaren jarduera maila altuenean dagoenean, hau da, eguzki-orbanak ugarien diren garaietan, partikula askok jotzen dute Lurraren erradiazio-gerrikoa. Hortaz, Eguzkiak jarduera txikia duenean, espero izatekoa da eragin txikiagoa nabaritzea Van Allen gerrikoan.

Orain, azkeneko 75 urteetako jarduera txikieneko garaian dago eguzki-orbanei dagokienez, eta, hala ere, jarduera-maila txikiko beste epe batzuetan baino hiru aldiz erradiazio gehiago jasotzen ari da Van Allen. Ikertzaileek ikusi dute ez direla eguzki-orbanak erradiazioa igortzen ari direnak, Eguzkitik aldian-aldian ateratzen diren plasma-zorrotadak baizik. 2008an bereziki handia izan zen Lurrera iritsi zen plasma-kantitatea.

Hortaz, ondorioztatu dute zenbat eta jarduera-maila txikiagoa izan orduan eta zorrotada gehiago igortzen dituela Eguzkiak. Azaldu dutenez, goreneko jarduera-mailan dagoenean, Eguzkiaren eremu magnetikoa indartsu dago, eta eutsi egiten die plasma-zorrotadei. Jarduera txikitzen denean, berriz, eremu magnetikoa ahuldu egiten da, eta errazago ateratzen dira zorrotadak. 2008an plasma asko iritsi izanak adierazten du, ikertzaileen ustez, Eguzkia jarduera bereziki txikiko garai batean dagoela.

1
260
2010
1
010
Astronomia; Astrofisika
Albisteak
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila