Edizio genetikoko teknika berri bat sortu dute, CRISPR baino zehatzagoa

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

edizio-genetikoko-teknika-berri-bat-sortu-dute-cri
RNA-zubiaren metodoaren irudikapena. Arg. VisualScience/CC 4.0

RNA-zubiak izeneko teknika batek aukera ematen du DNA-sekuentzia luzeak txertatzeko, alderantzikatzeko edo ezabatzeko, bakterioen genomaren kokapen espezifikoetan. Gaur egungo metodoak baino eraginkorragoa eta zehatzagoa da, baina oraindik ez da frogatu giza zeluletan baliagarria denik.

AEBko eta Japoniako ikertzaile-talde batek garatu du teknika, eta Nature-n eman dute haren berri, bi artikuluren bidez. Lehenengoan, RNA-zubiak deskribatu dituzte: RNA-gidari bat da, genoman aldatu nahi den kokapen zehatza eta emailearena identifikatzeko eta haietara elkartzeko gai dena.

Bigarren artikuluan, kriomikroskopia erabili dute, RNA-zubien bidezko edizioan sortzen diren konplexuen egitura molekularra argitzeko. Konplexuan, IS110 entzimak parte hartzen du. Kriomikroskopiaz jakin dute, hortaz, prozesuan parte hartzen duten konplexuaren elementu guztiek zer egitura duten pauso bakoitzean, hau da,  IS110 entzimak eta RNA-zubiak nola ezagutzen dituzten DNA helburua eta DNA emailea, nola mozten dituzten bi DNA-kateak, nola moztu eta itsasten dituzten zati horiek, eta nola egiten duten gauza bera gainerakoarekin.

RNA-zubiak bakterioetan eta arkeoetan daude; hortaz, ikertzaileak haietan inspiratu dira RNA-zubien metodoa sortzeko. Ugaztunetan erabilgarria balitz, aukera asko emango lituzke, CRISPR baino sinpleagoa eta zehatzagoa baita. Hala ere, ohartarazi dute CRISPR metodoa oso garatuta dagoela, eta, beraz, lan handia egin beharko dela RNA-zubien teknika haren mailara heltzeko eta hura gainditzen duela frogatzeko.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila