Edizio genetiko heredagarriak klinikan ez erabiltzeko akordioa eskatu dute zazpi herrialdetako adituek. Sinatzaileen artean daude CRISPR edizio-teknika garatu zuten Emmanuelle Charpentier eta Feng Zhang; eta AEBko NIH Osasun Institutuak ere babestu du eskaera.
Nature aldizkarian argitaratu duten idazkian, adituek adierazi dute, azken hiru urteetako gertakizunen aurrean ⎯⎯iaz Txinan jaio ziren genetikoki eraldatutako bi haurren kasua, adibidez⎯⎯, beharrezko ikusten dutela teknika horiek klinikan ez aplikatzea adostea nazioartean. Hala, Aditu horien ustez, ez litzateke edizio genetikorik egin beharko espermatozoideetan, obuluetan eta enbrioietan, gutxienez teknika segurua dela frogatu arte, eta erabilera onargarriak zein izan daitezkeen adostu arte. Gainera, teknika horiek klinikan erabiltzen noiz hasi erabakitzeko, gizartearen iritzia kontuan hartu behar litzatekeela adierazi dute.
Bestalde, argi utzi dute proposatzen duten akordio honek ez lukeela mugatuko teknika horiek ikerketarako erabiltzea, ezta klinikan edizio genetikoa zelula somatikoetan erabiltzea ere, gaixotasunak tratatzeko.
Elhuyarrek garatutako teknologia