Wisconsin-Madison Unibertsitatean garatutako ordenagailu-ereduak motorrak diseinatzeko baliagarriak izateaz gain, ereduaren algoritmoek erregaiaren etekina handiagotzen eta poluzioa murrizten laguntzen dute. Algoritmo horiei algoritmo genetikoak deritze eta Darwinek proposatutako legeak betetzen dituzte.
Peter Senecal-ek garatutako ereduek motor baten errendimenduan eragin dezaketen milaka milioi faktoreen arteko konbinazioa aztertu eta egokiena aukeratzen dute. Ereduaren abantaila nagusia erregaiaren etekina handiagotu eta poluzioa murriztu, biak batera egitea da; orain arte hori egitea ezinezkoa zen. Silicon Graphics-en, superkonputagailu bat erabiliz, 3 bider oxido nitriko gutxiago eta errautsak % 50 gutxiago igortzen duen diesel motorra diseinatu da. Aldi berean, motorrak % 15 gutxiago kontsumitzen du.
Sistema motor baten sei parametroren konbinazio desberdineko 5 unitaterekin hasten da lanean. Ordenagailu-ereduak 5 horien artean bi hoberenak aukeratu eta horiekin belaunaldi berria osatzen du. Prozesuak, ondoren, unitate egokiena detektatu arte jarraitzen du.
Senecalen arabera, sistema honek kalkuluak murrizten ditu, konbinazio hoberenak soilik egiten baititu. Horrela, hamarkadetako lana aste gutxitan osa daiteke. Teknika bera beste era bateko motor edo piezetarako egoki daiteke.