Nazioarteko ikertzaile-talde batek itsaso azpiko sedimentuak jaso ditu Ozeano Artikoan, eta berretsi dute Ipar poloko klima izotzik gabea eta epela zela duela 50 milioi urte.
Urpeko Lomonosov dortsalean, 900 metroko ur-sakoneran, ikertzaileek 400 metroko zuloa egin dute eta hango sedimentuak jaso dituzte. Horiek aztertuta, ondorio berera iritsi dira hainbat herrialdetako ikertzaileak, hots, duela 50-80 milioi urte Ipar poloko urek 18 °C eta 23 °C arteko tenperatura zutela; eta datu horiek harrigarriak dira, orain arte erabili diren klima-ereduek ez dutelako horren tenperatura altua aurresaten.
Klima epel horren zergatiak emateko orduan, faktore globalak proposatu dituzte, besteak beste, jarduera bolkaniko handia zegoela, itsaso sakonetik metano-kantitate handiak askatu zirela eta urakan bortitzek klima epeldu zutela. Horren ondorioz, poloko izotza urtu egin zen, eta horrek gurpil zoroa jarri zuen martxan. Izan ere, izotzak eguzki-izpiak islatu eta atmosferatik kanpora igortzen ditu, baina itsasoek, aldiz, eguzki-izpi horiek guztiak xurgatu egiten dituzte, eta klima are beroagoa eragiten dute.