Pirinioetan sirenioak bizi ziren duela 42 milioi urte, itsasertzeko eremua zen garaian. Hala eman dute aditzera EHUko, Zaragozako Unibertsitateko eta Nova Lisboa Unibertsitateko ikertzaileek, Huescako Sobrarbe geoparkean aurkitutako sirenio-hezurretan oinarrituta. 300 sirenio-hezur aurkitu dituzte, eta frogatu dute orain arte ezagutu gabeko sirenio-espezie bati dagozkiola.
Sobrarbesiren cardieli deitu diote, eta Scientific Reports aldizkarian eman dute haren berri. Europako mendebaldeko sireniorik zaharrena da, eta animaliaren eskeletuko ia hezur guztiak aurkitu dituzte; gutxienez, 6 banakori dagozkie, helduak eta gazteak barne.
Egungo sirenioak manatiak eta dugongoak dira. Ugaztun belarjale lurtarretatik eboluzionatu zuten, animalia erabat urtar bihurtu arte, baleak, fokak eta izurdeak bezala. “Itsas behiak” deitzen zaie hainbat hizkuntzatan, sakonera txikiko itsas belardietan jaten aritzen direlako.
Aurkitutako sirenio-espezie berria oso primitiboa da, artean lau hanka baitzituen (atzeko biak galdu gabe). Hartara, sirenioen eboluzioaren lehendabiziko urratsak nola gertatu ziren eta, batez ere, uretaranzko bidea nola egin zuten jakiteko, baliagarria izan daiteke aurkikuntza.
Aztarnategi berean, garai hartako landaretzaren eta dortoka, krokodilo, marrazo zein bestelako animalien aztarna fosilak ere aurkitu dituzte. Haiei esker jakin ahal izan dute nolakoa zen orduko habitata: antza, klima tropikaleko eta landaretza ugariko delta baten bokalea izan zen.
2009an hasi ziren Sobrarbeko aztarnategia aztertzen, Ainara Badiola Kortabitarte EHUko ikertzailearen zuzendaritzapean. Badiolak adierazi duenez, Huescako sirenio fosil hau aurkikuntzarik garrantzitsuena izan bada ere, aurretik Nafarroan ere aurkitu dituzte Eozenoko beste sirenio fosil batzuk.
Elhuyarrek garatutako teknologia