Duela 17.000 urteko maskor bat soinu-tresna izan zen

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

duela-17000-urteko-maskor-bat-soinu-tresna-izan-ze
Carole Fritz et al. 2021 / Gilles Tosello Arg. Carole Fritz et al. 2021 / Gilles Tosello

Itsas-kurkuilu baten maskorra duela 17.000 urte soinu-tresna gisa erabili zutela ondorioztatu dute Tolosako Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Magdaleniar aldikoa da, Goi Paleolitokoa, eta ezagutzen den gisa horretako tresnarik zaharrena litzateke. Hezurrezko txirula zaharragoak ezagutzen dira, baina ez maskorrez egindako soinu-tresna hain zaharrik. Science Advances aldizkarian argitaratu dute aurkikuntza.

Maskorra landua izan zela erakusten duten arrastoak: (A) Kanpoko ezpaina hainbat kolperen bidez leundua. (B) Mutur zulatua, lehenengo sei espirak apurtuz. (C) Mutur zulatua, goitik ikusia (D) Gai organiko arre batek estaltzen du muturreko zuloaren ertza. Arg. Carole Fritz

1931. urtean aurkitu zuten maskorra, Marsoulas haitzuloan, Pirinioetan. Ez zioten ezer berezirik antzeman, eta, geroztik, Tolosako Historia Naturaleko Museoan egon da. Edalontzi gisa erabiliko zutela uste zen.

Orain, ordea, irudi-teknika berriekin aztertu dute, eta ikusi dute maskorra landuta dagoela. Ahoaren ezpaina leunduta dauka, muturra nahita hautsita, eta zulo batek barruko egitura zeharkatzen du hainbat puntutan. Gainera, muturrean substantzia organiko arre bat ere topatu dute, argizaria izan litekeena. Barruan dituen zuloak, eta gai arre hori kontuan hartuta, ondorioztatu dute maskorrari ahoko bat jarri ziotela, hegazti-hezurrezkoa seguruenik.

Nolako soinua aterako ote zioten jakin nahian, musikari profesional bati eskatu diote probatzeko. Hiru nota atera dizkio hark: do, re eta do sostenitua.

CNRS · Marsoulas Shell Conch Sound
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila