Dromedarioak. Horiek dira animaliak, horiek!

td class="art-testua" valign="top">

Animalia harriagarrik bada, dromedarioa da bat dudarik gabe. Basamortuan eguzki galdatan ibil daiteke, gutxi janez eta are gutxiago edanez. Bere gorputzaren pisuaren laurden bat gal dezake arazorik gabe. Ondoren, deshidratatutako dromedarioak 200 litro ur edan ditzake minutu gutxi batzuetan, galdu duen guztia bereskuratuz. Edozein animaliarengan, ur-orekaren horrelako aldaketa arriskutsua da, odolaren kontzentrazioa aldatzen delako.

Odolaren kontzentrazioa mantentzeko ardura duten organoak, giltzurrunak dira. Dromedarioaren giltzurrunak txundigarriak dira. Une batean gernu dentsu eta iluna sor dezakete eta handik ordu t'erdira kolorerik gabeko gernua. Basamortuko beste animaliek ez dute honela jokatzen eta ahuntzek eta ardiek bi egun behar dituzte ur-maila bere egoera normalera etor dadin.

Bi biologo israeldarrek, Z. Etzian eta R. Yagil-ek, dromedarioaren hidratazio-sistema aztertu dute. Deshidratatutako ugaztunengan, gernuaren ura odolean birzurgatua izan dadin eragiten duen hormona antidiuretikoaren (ADH) sintesia handitzen du garuin pituitarioak. Animalia batek ur asko edaten duenean, odola diluitu egiten da, eta pituitarioak ADH gutxiago sintetizatzen duenez, ur gehiago galtzen da gernuaren bidez. Une berean, beste hormona batek (aldosteronak) odolak sodioari eutsi diezaion, diluzioaren efektua minimizatuko duena, eragiten du.

Baldintza normaletan mekanismo hau nahikoa da, baina zenbait animaliarengan berhidratazio azkarrak sistemaren kolapsoa dakar. Odola diluituegia badago (hipotonikoa alegia), globulu gorriek osmosiz ura zurgatzen dute eta lehertu egiten dira (hemolisia). Ingurugiro lehorrean bizi diren aziendek, maiz izaten dute hemolisia. Desertuko ahuntz eta ardiek nahiz eta ur asko edan, horrelakorik ez dute jasaten; ura urdailean gordetzen dutelako eta poliki-poliki zurgatzen dutelako.

Dromedarioengan ordea, ura zuzenean sartzen da odolera eta giltzurrunak eta beste organoak azkar moldatzen zaizkio egoera berriari. Nahiz eta ADH produkzioa murriztu eta aldosterona-produkzioa handitu, odola diluitu egiten da. Hala ere, dromedarioaren globulu gorriek ondo pariatzen dute diluzio hori.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila