Plastikozko untxi batean, hura egiteko informazioa gorde dute, DNA sintetikoan kodetuta

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

dna-sintetikoa-erabil-liteke-objektuetan-informazi
Arg. ETH Zurich / Julian Koch

3Dko untxi bat inprimatu dute, untxia egiteko informazioa DNA sintetikoan kodetuta eta materialean txertatuta duena. Eta untxian gordetako DNA hori, bost belaunalditan erabili dute untxi berriak sortzeko. Nature Biotechnology aldizkarian argitaratu dute lana.

Gero eta datu gehiago dagoen honetan, disko gogorrak eta antzekoak mugara iristen ari dira, eta DNA proposatu izan da epe luzean informazioa gordetzeko irtenbide gisa. Hainbat ikerketak erakutsi dute informazio-kantitate handiak modu iraunkorrean gordetzeko aukera ematen duela. Lan honetan, memoria aldaezina duten materialak ekoizteko modu bat proposatu dute ikertzaileek.

Plastikozko untxi bat 3Dn inprimatzeko informazioa DNA sintetikoan kodetu zuten, DNA hori silizezko partikulatan sartu, eta partikula horiek poliester termoplastiko batean txertatu. Material horrekin inprimatu zuten untxia. Gero, untxiaren lagin txiki bat hartuta, bertan gordetako DNA erabili ahal izan dute untxi berri bat sortzeko. Prozesua bost aldiz errepikatuta dute, laugarren eta bosgarren belaunaldien artean bederatzi hilabeteko tartea utzita; eta DNA egonkor mantendu da, eta ez da informaziorik galdu.

Bigarren esperimentu bat ere egin dute: bideo bat kodetu eta plexiglasean sartu zuten, eta material horrekin betaurreko arruntak egin. Betaurrekoaren plexiglas zati txiki-txiki bat nahikoa izan zen, gordetako informazioa berreskuratzeko.

Ikertzaileen arabera, esperimentu hauek erakusten dute "gauzen DNA" kontzeptua eguneroko objektuen fabrikazioan aplika litekeela, eta, horrez gain, iradokitzen dute makina autoerreplikatzaileetarako urrats bat ere izan daitekeela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila