Kotoian eta ziapean poliesterra

Kotoi-landareak eta ziape-landareak, plastikoa produzitzen dute Alcaligenes eutrophus bakterioari esker. Bakterioak emandako azukrea eta azido propionikoa hartu eta landareak nahaste hau energia bihurtzen du poliester eran. Beraz, poliesterra nahi denean pikor zuri horiek biltzea besterik ez da egin behar.

Kotoiak poliesterra sortzen du.

Monsanto multinazionaleko kide den Biopol enpresa horretan ari da 1988az gero. Plastiko hori xanpu-ontziak egiteko erabiltzen da, baina biodegradagarria eta kalitate onekoa izan arren, ez da errentagarria fabrikazio-kostu handiak dituelako.

Ondorioz, Biopol etxeko biokimikari eta biologoz osatutako talde bat lanean ari da. Alcaligenes eutrophus bakterioak nahaste azukretsua plastiko bihurtzeko entzimaren eragina zein genek aktibatzen duen jakin nahi dute. Gene hori aurkitu ondoren, landareari sartuko zaio eta berak sortuko du bere poliesterra azukrerik eman gabe. Plastikoari sendotasuna ematen dion azido propionikoari dagokionez, ikertzaileek landareak berak aminoazidoetatik sor dezan nahi dute.

Laborategian lortutako emaitzak argigarriak dira. Kotoiak eta ziapeak, era naturalean hazita, beren pisuaren % 0,01 poliester izaten dute eta Monsanto etxeak landare transgenikoekin % 4 plastiko izatea lortzen du. Portzentaia 20ra igota prozedura errentagarria litzateke eta landareak merkaturatu ahal izango lirateke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila