Dinosauroen antz handia duen espezie baten fosilak aztertuta, dinosauroak lau hankako narrastietatik eratorriak direla ondorioztatu dute Texasko Unibertsitateko paleontologoek.
Horrek dinosauroen jatorriaren inguruko usteak aldatuko lituzke. Izan ere, paleontologo gehienek uste zuten dinosauroen aitzindariak bi hankako haragijaleak izan zirela. Aitzitik, lau hankako belarjale baten fosilekin egin dute topo.
Espezie horren 14 banakoren fosilak aurkitu zituzten Tanzanian, 2007an. Fosil horiek aztertuta ikusi dute Asilisaurus kongwe duela 240 milioi urte bizi izan zela; lehenengo dinosauroak baino 25 milioi urte lehenago. Lau hankatan ibiltzen zen, eta, hortzen formagatik, batik bat belarra jaten zuela ondorioztatu dute.