Hawaii-ho Keck teleskopioaren bidez egindako behaketek indartu egiten dute gasezko erraldoien migrazioaren teoria.
Teoriaren arabera, Esne-bidea gazte-gaztea zenean, gasezko erraldoien orbitak orain baino askoz ere gertuago zeuden Eguzkitik. Denborarekin, grabitate-indarren eraginez, planeta horiek (Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno) urrutiratu egin ziren. Nonbait, migrazio horrek aldaketak eragin zituen Kuiper-en gerrikoan dauden objektuetan; besteak beste, batzuk planeten orbitan harrapatuta geratu zirela uste dute.
Keck teleskopioari esker, teoria hori baieztatzen duten zantzuak ikusi dituzte. Izan ere, badirudi Jupiterren orbitan dauden bi asteroidek, Patroclus bikoteak, kometen antzeko dentsitatea dutela. Hortik ondorioztatu dute Kuiper-en gerrikoan sortu zirela, han ugariak baitira dentsitate hori duten objektuak.
Alabaina, astronomo guztiak ez datoz bat ondorioarekin. Izan ere, Jupiter Eguzkitik Lurra baino bost aldiz urrutirago dago, eta han posible da Patroclus bikotearen modukoak sortzea. Ez omen da nahitaezkoa Kuiper-en gerrikoan sortua izatea halako dentsitatea izateko.