Cuencako Villar de Cañasen egingo dute hondakin nuklearren biltegia

Aldi baterakoa izango da, eta Espainiako zentralen hondakinak hartuko ditu

cuencako-villar-de-canasen-egingo-dute-hondakin-nu
Havogeko biltegia (Herbehereak). Villar de Cañasen egingo dutena haren antzekoa izango da. Arg. COVRA

Prozesu luze baten ondoren, Espainiako Gobernuak erabaki du non egingo duen hondakin nuklearrentzako biltegia. Guadalajaran dauden José Cabrera eta Trilloko zentraletatik 100-155 km-ra dagoen Cuencako herri bat aukeratu dute, Villar de Cañas. Bi zentral horiek dira, hain justu, hondakinak azalean eta lehorrean gordeta dituzten Espainiako zentral bakarrak; gainerakoek desaktibazio-urmaeletan dituzte. Edonola ere, horiek ez dira nahikoak zentralek sortzen dituzten hondakin erradioaktiboak epe ertain-luzean gordetzeko, eta, arazo horri irtenbidea eman nahian, biltegi berria egingo dute Villar de Cañasen.

Hortaz, biltegi horrek Espainiako zentraletan sortzen diren erradioaktibitate-maila altuko hondakinak jaso eta gordeko ditu. Biltegi-mota horri ATC edo aldi baterako biltegi zentralizatu deitzen zaio: aldi baterakoa, 60 urtez gordeko dituelako hondakinak; biltegia, eraikin pasiboa delako; eta zentralizatua, Espainiako zentraletako hondakinak leku bakarrean bilduko dituelako.

Orain arte, Espainian dagoen biltegi zentralizatu bakarra El Cabrilekoa da (Kordoba). Han erradioaktibitate-maila ertaineko eta txikiko hondakinak gordetzen dira, bai zentraletatik datozenak, bai ospitaleetan, ikerketa-zentroetan eta industrian sortzen direnak. Zentraletan sortzen den material erradioaktibo nagusia, baina, erabiltzen den erregaia da, eta horren erradioaktibitate-maila altua da.

Hain zuzen, zentraletako erregaia uranio oxidoa da, eta erabili ondoren ere, beroaz gain, alfa, beta eta gamma erradiazioak igortzen ditu (erradiazio ionizatzailea).

Horrenbestez, Villar de Cañaseko biltegiak erabilitako 7.000 tona erregai gordeko ditu, eta baita zentralak itxi ahala geratuko diren beste material batzuk ere. Enresak du hondakinak kudeatzeko eta biltegia egiteko ardura, eta, haren arabera, erradiazio-isuriak eragozteko, hormigoizko 1,5 m-ko lodierako paretak izango ditu biltegiak, eta sortzen den beroa kanporatzeko hodiek 45 m-ko garaiera hartuko dute.

Enresak nabarmendu duenez, instalazio erabat segurua da, kokatuta dagoen ingurua oso egonkorra delako geologikoki. Alabaina, erakunde ekologistek eta zenbait eragilek zalantzan jarri dute lekuaren segurtasuna, ez geologikoki ezegonkorra izateagatik, baizik eta uste dutelako hondakinak zentraletatik haraino garraiatzea arriskutsua izan daitekeela, Villar de Cañasek ez baitauka trenbiderik, eta, beraz, errepidez egin beharko delako garraioa.

Biltegiaren eta kokapenaren beste alderdi batzuek ere sortu dute aldekoen eta aurkakoen arteko eztabaida, baina Espainiako Gobernuaren erabakia behin betikoa da, eta, dena aurreikusita dagoen bezala ateratzen bada, 2015erako amaituta egongo da biltegia egiteko lehen fasea.

Ordurako, dena den, gainezka egongo dira Ascó 1 eta 2 zentraletako urmaelak (2013rako beteko dira, Enresaren arabera), eta beste zentraletakoak ere nahiko beteta egongo dira. Gainera, Vandellós 1 zentraleko hondakinak oraingoz Frantzian daude gordeta, Areva enpresaren ardurapean, baina dagoeneko amaitu da hitzartutako epea, eta laster itzuliko dituzte. Antzeko zerbait gertatzen da Britainia Handian gordeta dituzten Garoñako hondakinekin.

Bitartean, biltegi geologiko sakon bat egiteko pausoak ematen ari dira Frantzian. Biltegi horrek erradioaktibitate-maila ertaineko eta altuko hondakinak hartuko lituzke, eta epe luzean gordeko lituzke lur azpian. Aukeratutako lekua Meuse departamenduan dago, Frantziako ekialdean. Edonola ere, hondakinak ehun urteko epean berreskuratzeko aukera egotea eskatzen du Frantziako araudiak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila