Haurdunaldi bitartean crack delakoa (kokainaren aldagai “gogorra”) ahoratzeak eragin kaltegarriak sortzen ditu fetuarengan; erditze goiztiarraren posibilitateak zabaltzen eta hazkunde fetala murrizten du. Oackland (USA)ko Higland General Hospital-eko datuen arabera, aurten zentru honetan jaio direnetatik %20 dira crack horren eraginak jasaten dituztenak. Zifra hau 1984ekoa baino 5 aldiz handiagoa da, eta agerian jartzen du gizarte amerikarreko zenbait sektoretan droga honen kontsumoak egin duen gorakada.
Dirudienez, crack izenaz ezagutzen den droga horrek eragin bortitza du ahoratzen denean (hortik dator bere izena) eta fetuarengan espasmoak sor ditzake, bere oxigeno eta mantengaien fluxua etetera iritsi arte. Zenbait medikuren ustez, crack-dosi bakar batek atzeraezinezko eraginak dakartza gorputzarentzat; baina zalantzarik ez, etengabe edo jarraian hartuz gero fetuak atakeak, konbultsioak eta malformazioak (giltzurrunean, genitaletan, hestean eta baita orno-muinean ere) jasateko arriskua handiagoa da. Kasurik grabeenetan karena askatu egin daiteke, amarentzat eta fetuarentzat heriotz arriskua izanik.
Droga honen eraginen pean egon den jaioberriak nahikoa koadro berezia agertzen du: suminkortasun-zeinuak, dardaraldiak eta letargia (erditze ondorengo astebetera desagertzen da). Fenomeno hau berria denez gero, ez dago ume hauek epe luzera eduki dezaketen eboluzioaren daturik, baina diotenez “crack”aren umeak normalak baino buru txikiagoarekin jaiotzen dira, eta 3-6 urterekin beren adimen-koefizientea txikiagoa da.