AEBko ikertzaile-talde batek, Lurreko biziaren hastapena nolakoa izan zen argitu nahian, hasierako metabolismo hartan gakoak izan ziren bi egitura proteiko identifikatu ditu. Ikertzaileen ustez, lehenengo entzima metabolikoak lirateke egitura xume haiek, bizia sor zedin funtsezkoak izan zirenak.
Ikertzaileok milaka entzima aztertu behar izan dituzte, duela 3.500-2.500 milioi urte inguruko lehenengo proteina haiek nolakoak izan ziren iragartzeko. Gaur egunetik hasi eta atzera begira, entzimek zer eboluzio egin duten aztertu dute horretarako. Urteak zeramatzaten lehenengo katalizatzaile haien bila, baina funtsezkoak ziruditen bi egitura identifikatzea falta zitzaien. Orain proposatu dituzte. Proteinei forma tridimentsionala emateko oinarrizkoak diren bi tolestura dira: ferredoxinaren —zelulek energia lortzeko garrantzitsua den proteinaren— tolestura bat, burdina eta sufrea lotuta sortzen dena; eta proteinek DNAri eta RNAri lotzeko erabiltzen duten egituraren tolestura bat. Bi tolesturek arbaso komun bat izan zutela uste dute ikertzaileek, eta arbaso hori izan zitekeela biziaren lehenengo entzima metabolikoa.
Rutgers Unibertsitateko ikertzaileek gidatutako lana izan da, NASAren ENIGMA proiektuaren baitan egin dutena. ENIGMAren aurreikuspenak laborategian probatuko dituzte orain: ikertzaileek sortutako proteina-ereduak gai badira hasierako metabolismo hartan oinarrizkoak izan ziren erreakzioak eragiteko, Lurretik kanpo ere bizia nola sor daitekeen aurreikusteko informazio baliagarria izango dutela uste dute ikertzaileek. PNAS aldizkariak argitaratu du ikerketa.
Elhuyarrek garatutako teknologia