Bizia salba diezagukeen beldarra

Beldarra Moccasin (Modular Observation Crawler and Sensing Instrument) deritzon robot txikia da eta, eztanden edo lurrikaren ondoren, hondakinen azpian harrapatuta geratu diren pertsonak aurkitzeko balio du.

Robota hodien barnetik gora eta behera ibil daiteke eta, arnasa, ahotsa edo bibrazioak antzeman ditzakeen oso mikrofono sentikorrak ditu.

Bero-aldaketak nabaritzen dituzten sentsore infragorriak eta bideokamera bat ere baditu. Robotak argia eta kanpoarekiko komunikazio-bidea eskaintzen dio zaurituari eta haren osasun-egoeraren unez uneko informazioa igortzen dio erreskate-taldeari. Moccasin aire konprimituzko propultsio–sistema bidez higitzen da eta 10 cm-ko diametroko hodien barnean mugi daiteke. Moccasin-en asmatzailea Edward Grant, Iparraldeko Karolinako Unibertsitateko irakaslea, da. Hodietan ezezik, hondakinen artean ere mugitzeko gai den beste beldar bat diseinatzen ari da orain.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila