Biodibertsitate-hitzarmena perlesiak jota

Rio de Janeiroko Gailurraren ondorio distiratsuetako bat, Biodibertsitate-hitzarmena hain justu, noraezean dabil, Hitzarmenaren 133 sinatzaileek 1994ko abenduaren hasieran Bahametan Hitzarmenaren lehen bilera egin ostean.

Munduko gobernu gehienek Hitzarmena sinatu eta 30 hilabete pasatu ondoren, dozena bat inguru estatuk baino ez du antolatu bere biodibertsitatea babesteko plan nazionala. Horixe zen, hain zuzen ere, Hitzarmenaren puntu garrantzitsuenetako bat. Bestetik, Bahametako bileraren helburu nagusia munduko espezieak babesteko neurriak ezartzea zen. Dena dela, baso eta oihanen arazoak ez dira eztabaidatu eta hori zentzugabekeria handia da, horietan munduko bizidun-espezieen erdia bizi delako.

Are gehiago, Nassaun 12 egun bileran egon eta gero, Hitzarmenaren idazkaritza non kokatu ezin izan dute adostu. Hiru hautagai zeuden: Geneva (behin-behineko egoitza), Madril eta Nairobi, baina itxuraz ez ziren biltzarkideen gustukoak. Bestetik, genetikoki aldatutako organismoak seguru maneiatu eta garraiatzeko prozedura berriak ezartzea urtebetez atzeratu dute.

Erakunde kontserbazionistetako ordezkariak haserre bizian daude, basoen arazoa ukitu ez zelako batez ere. Basoen arazoa aurten egingo de NBEaren Garapen Jasangarrirako Batzordearen (GJB) bileran tratatuko omen da.

Bileran erabakitako puntu bat, kontserbazioari buruzko aholku zientifikoa eta teknikoa emango duen azpibatzordea eratzea da. Hala ere, datorren irailean egingo du azpibatzorde horrek lehen bilera.

Erabaki “handietako” bat, urtero abenduaren 29a Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna izendatzea da.

Erakunde kontserbazionistetako ordezkariek haserre bizian utzi zuten bilera, basoen arazoa ukitu ez zelako batez ere. Basoen arazoa aurten egingo den NBEaren Garapen Jasangarrirako Batzordearen (GJB) bileran tratatuko omen da. Batzordea Rioko Gailurraren ondorioa da, baina bere erabakiek ez dute Hitzarmena legalki behartzen.

Egun, GJB NBEaren Baso Politika berria ezartzeko lanetan ari da. Dena dela, Malaysiak eta Kanadak dute lan horren koordinazioa eta kontserbazionisten arabera, bi estatu horiek basogintza-politika basatia erabiltzen dute. Beraz, kontserbazionisten beldurra batzordeak basogintza biodibertsitatearen aurrean jartzea da.

Rioko Gailurretik hona, 40.000-80.000 hektarea baso desagertu omen dira, begiz jotzen denez.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.